FUTBOLA

Abelardok utzi egin dio Alaveseko entrenatzaile izateari

Klubak entrenatzaile espainiarraren alde egin zuen Pablo Machin ordezkatzeko, baina haren aginduetara taldeak okerrera egin du: azkena da sailkapenean. Ezusterik ezean, Javier Callejak ordezkatuko du. Teknikari espainiarra Gasteizen dago jada, kontratua negoziatzen.

Abelardo Fernandez, atzo, Celtaren aurkako partidan. Azken aldiz zuzendu zuen taldea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 5a
17:20
Entzun

Hiru hilabete eskas iraun du Abelardo Fernandezen bigarren aldiak Alavesen. Gasteizko klubak gaur jakinarazi du ez duela jarraituko. Alaves suspertzeko egin zuten haren alde Pablo Machin ordezkatzeko. urtarrilaren 12an. Baina aldaketak ez du ezertxo ere aldatu, eta. aldatzekotan, okerrera egin du. Izan ere, Abelardo ailegatu zenean, Alaves ez zegoen jaitsieran. Orain, ordea, zuloaren zuloan dago, sailkapenaren azkeneko postuan, eta mailari eusten dion azken taldetik hiru puntura.

Abelardok 11 partida zuzendu dizkio Alavesi ligan, eta oso estatistika txarrak lortu ditu. Jokoan egon diren 33 puntuetatik bost besterik ez ditu lortu taldeak: norgehiagoka bakarra irabazi du, bi berdindu eta zortzi galdu. Machinek, berriz, hemezortzi puntu eskuratu zituen beste horrenbeste jardunalditan. Espainiako Kopan, berriz, neurketa bakarrean eseri da Abelardo aulkian, haren estreinakoan, eta gasteiztarrek sekulako astindua jaso zuten Almerian (Espainia), Bigarren Mailako talde baten aurka: 5-0. Orduan, hanka sartze bat besterik ez zen ikusi. Abelardok lau egun baino ez zeramatzan taldean, eta inork ez zion horren errua bota. Baina norgehiagoka hori hurrengo etorriko zenaren aurrerapena izan zen. Abelardo heroi bilakatu zen haren lehen aldian, baina bigarrengoan, zerutik infernura igaro da.

Atzoko Celtaren aurkako porrot mingarriak kondenatu du —0-3 zihoan galduz Alaves 20. minutuan—. Ezusterik gertatu ezean, Javier Callejak ordezkatuko du Abelardo. Entrenatzaile espainiarra Gasteizen dago jada, kontratua negoziatzen. Calleja talderik gabe dago, aurreko hiru denboraldietan Vila-real zuzendu eta gero. Azkenekoan, Europa ligarako sailkatu zen taldea, baina klubak ez zion kontratua berritu, Unai Emery fitxatut baitzuen hurrengo sasoirako. Denboraldi honetako hirugarren entrenatzailea izango da Calleja, eta bosgarrena hamar hilabete eskasean —Asier Garitano eta Juan Ramon Lopez Muñiz ere eseri dira Alavesen aulkian—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.