Ingurumena

Behin betiko artxibatu dute Aralarko pisten auziaren kausetako bat

Landarlan eta Eguzki taldeak ez daude erabakiarekin ados. Bigarren kausak aurrera jarraitzen du.

Enirio eta Igaratza artean egin duen pista berria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 8a
14:19
Entzun

Joan den otsailean Tolosako epaitegiak erabaki zuen Aralarko Saltarri eremuko pistaren kontra Landarlan eta Eguzki talde ekologistek jarritako salaketa behin-behinean artxibatzea. Elkarteek helegitea aurkeztu zuten, baina «froga nahikorik ez dagoenez», epaitegiak orain kausa behin betiko artxibatu du, nahiz eta salatzaileek adierazi duten prozesua berriz ireki daitekeela «froga berriak agertzen badira». Halere, pistengatik irekitako bigarren kausak aurrera jarraitzen du.

Talde ekologistek ez dute bat egin erabakiarekin. Haien irudiko, Aralarko parke naturala «batere babesik gabe» uzten dute, kausa artxibatzeak «aurrez aurre talka egiten baitu natura ingurua babesteko legeen izpirituarekin».

Gipuzkoako Foru Aldundiari ere mintzatu zaizkio Eguzki eta Landarlan. Eskatu diote «araudiaren behartutako interpretazioak» egiteari uzteko eta parke naturalaren eta Natura 2000 sarearen «lehentasunezko helburuak» betetzeko; hau da, batez ere habitatak eta espezieak iraunarazteko. Enirio-Aralar Mankomunitatearentzako hitzak ere izan dituzte. Eskatu diote ez bultzatzeko pista hori, elkarteen arabera, Gipuzkoan alturako larreak dauden eremu zabal bakarraren «erabateko artifizializazioa» eragiten duelako.

Gipuzkoako Enba sindikatuak, berriz, bestelako iritzia du, eta pozez hartu dute epaitegiaren erabakia. Izan ere, haien irudiko, erabakiak erakusten du egindako lanak legearen barruan egin zirela, eta naturguneak babesteko indarrean dauden arau guztiak errespetatuz. Horrenbestez, nabarmendu du absolbitu egin dituztela Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuno, Ingurumen zuzendari izandako Jose Felix Asensio eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidente ohi Jose Miguel Santamaria

Bestalde, Enbak Landarlan eta Eguzki taldeei eskatu die epaitegien bidez «ez oztopatzeko abeltzainentzat lan eta bizi baldintzak duintzeko erabakiak», eta eskatu diete Eniriotik Igaratzarako pistaren salaketa «berehala erretiratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.