Euskal Herriko itzulia

Ion Izagirre garaile Hondarribian; Pello Bilbao bigarren

Ormaiztegiarra zentimetro eskas batzuengatik nagusitu zaio gernikarrari esprintean. Kaotikoak izan dira azken kilometroak, eta McNultyk lidertza kendu dio Roglici

enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 8a
17:23
Entzun

Ion Izagirrek (Astana) irabazi du Itzuliko hirugarren etapa, Pello Bilbaori (Bahrain) esprint estu batean aurrea hartuta. Sailkapen nagusiko lehian kale egin ondoren, garaipen suspergarria lortu du ormaiztegiarrak Hondarribian. Ikusgarria izan da etaparen azken txanpa. Erlaitz gainera batera iritsi dira faborito guztiak, baina hortik aurrera hankaz gora jarri da lasterketa. Sei txirrindularik egin dute aurrera: besteak beste, Izagirrek, Bilbaok eta Brandon McNultyk (UAE). Bidea egin dute, eta elkarren arteko esprintean erabaki da etapa. Emanuel Buchmann (Bora) eta Esteban Chaves (Mitchelton) ezustekoa ematen saiatu dira, baina euskal herritarren arteko buruz burukoa izan da azken metroetan. Azken gerri kolpean gailendu da Izagirre.

Etapa bukatu eta gero elkarri aitortu diote egindako lana, Itzuliak berak zabaldutako bideo honetan ikusten denez («Beste guztiaren aurretik, adiskideak» idatzi du Itzuliak):

Abaila batean hasi du etapa tropelak. Haizeak atzetik jotzen zuen, eta ibilbideak beheranzko joera zuela aprobetxatuz, azkar batean irentsi ditu lehen 100 kilometroak. Hori horrela, ihesaldirik ez da sortu Alkizako mendatera iritsi arte. Azkenean, hiru txirrindularik egin dute ihes: Jefferson Cepedak (Caja Rural), Guillaume Martinek (Cofidis) eta Ben O’Connorrek (AG2R). Beherakoan, Juan Pedro Lopez (Trek) batu zaie. 1.50en aldearekin iritsi dira Jaizkibelgo igoeraren magalera, eta Lopezek berehala xehatu du taldea. O’Connor izan da espainiarren erritmo aldaketari erantzun dion bakarra.

Tropelak Erlaitzeko lehen maldetan irentsi du lasterketa buruko bikotea. Mikel Landak (Bahrain) erasoa jo du, baina ez da urrun iritsi, Jonas Vingegaardek lan ona egin baitu Roglicen alde. Haatik, kaosa piztu da gaina igaro ondoren. Bilbaok eta Chavesek tartea ireki dute, eta haien atzetik atera dira Izagirre, McNulty, Buchmann eta Vingegaard. McNulty mehatxua zen Roglicentzat, 30 segundora baitzuen sailkapen nagusian. Alabaina, esloveniarrak ez zirudien arduratuta. Arraroa izan da Jumboren estrategia; Vingegaard ez du atzeratu, aldea gora zihoan arren, eta atzean oso berandu jarri du lanean Antwan Tolhoek. Ondorioz, liderraren elastikoa erantzi du Roglicek, eta McNultyk jantzi. Sestaon bezala, bi euskal herritarrek lortu dituzte etapako lehen bi postuak. 

Laugarren etapako sailkapena

1. Ion Izagirre (Astana)    4.17.07
2. Pello Bilbao (Bahrain)        d.b.
3. Brandon McNulty (UAE)       d.b.
4. Jonas Vingegaard (Jumbo)   di.b.
5. Emanuel Buchmann (Bora)  d.b.
6. Esteban Chaves (Bike Ex.)    2ra
7. Patrick Bevin (Israel)          49ra
8. James Knox (Deceuninck)    d.b.
9.  Quinten Hermans (Wanty)  d.b.
10. Alejandro Valverde (Movistar)   d.b.

Sailkapen nagusia

1. Brandon McNulty (UAE) 12.25.21
2. Primoz Roglic (Jumbo)          23ra
3. Jonas Vingegaard (Jumbo)    28ra
4. Pello Bilbao (Bahrain)        36ra
5. Tadej Pogacar (UAE)            43ra
6. Adam Yates (Ineos)          1,02ra
7. Emanuel Buchmann (Bora) 1,07ra
8. Alejandro Valverde (Movistar)  1,13ra
9. Ion Izagirre (Astana)    1,15era
10. Mikel Landa (Bahrain)  1,23ra

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.