Euskal Herriko Unibertsitatea

Ferreirak finantzaketa publiko eta pribatu hobea eskatu du EHUrentzat

Eva Ferreira EHUko errektoreak hurrengo lau urteetako lan ildo nagusiak eta helburuak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean. Eskatu du EHUko irakasleak ere txertaketa planean sartzeko.

Eva Ferreira, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 12a
13:19
Entzun

Ikerketa bultzatzea, emakume ikerlari gehiago izatea, euskararen presentzia areagotzea, langileen behin-behinekotasuna apaltzea... Horiek eta beste hamaika dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateak datozen lau urteetarako dituen lan ildo nagusiak, helburuak eta lortzea espero duen emaitzak. Azalpenak emateko, urtarrilean kargua hartu zuen errektoreak, Eva Ferreirak, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Helburuak lortzeko, EHUk baliabideak behar dituela uste du; alegia, «hobetu» egin behar dela finantzaketa publikoa nahiz pribatua.

Datozen lau urteetara begira jarri aurretik, egungo egoeraren berri eman du Ferreirak. Nabarmendu du orain arte egindako lana «izugarria, arduratsua eta bikaina» izan dela: «Errektore talde berri hau ez da hutsetik hasi lanean». COVID-19aren pandemia ere hizpide izan du. Azpimarratu du unibertsitatea «nota onarekin» gainditzen ari dela egoera, eta hori berresten dutela ikasleek betetako galdetegiek ere. Unibertsitateko komunitatearen intzidentziari begiratuta, «eremu horian» daudela esan du, baina ez dutela kutsatze fokurik ikasgeletan: «Gure fakultateak, eskolak eta unibertsitate inguru guztia leku segurua da». Irizten dio hori unibertsitate komunitatearen lanaren emaitza dela, eta, orain arte bezala presentzialtasuna mantendu ahal izateko, eskaera bat egin du: unibertsitateko langileek bigarren hezkuntzako langileen trataera bera izatea txertatzerakoan.

Egungo egoera errepasatu ondoren, hurrengo lau urteetako lan ildoak eta helburuak azaltzeari ekin dio, baita espero dituzten emaitzen berri emateari ere. Bost eremutan arituko dira lanean. Formakuntzari dagokionez, besteak beste, nazioartekotzearen alde egin du apustu, eta espero du 2024rako ikasleen %15ek «ekintzailetza jardueretan» parte hartzea. Ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren arloan, orain arte ikerketa gutxi garatu diren alorretan haztea nahi du, eta ikerketa plan berri bat egin behar dela uste du. Gainera, euskarak ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta dibulgazioan presentzia handiagoa izatea nahi du. Doktoretza tesien erdiak baino gehiago —baita euskaraz egindakoak ere— nazioartekoak izango direla nabarmendu du, baita ikertzaileen erdiak emakumeak izango direla ere. Kulturari eta gizarteari dagokionez, 2024rako espero dute, besteak beste, protokolo bat garatzea transexualitate, transgenero eta intersexualitate kasuetarako, kanpotik datozen ikasleentzako euskara ikastaroak ematea, eta langileen ehuneko handiago batek euskararen «ezagutza handia» izatea. Planaren laugarren ardatzak pertsonei egiten die erreferentzia, eta haiek zaintzeak lehentasuna izan behar dela esan du. Haren hitzetan, 2024rako administrazio eta zerbitzuetako langileen behin-behinekotasuna %10etik behar izango da, eta azkarrago lortuko dute egonkortasuna irakasleek eta ikertzaileek. Gainera, egun indarrean dagoen unibertsitate plana «eraginkortasunez» gauzatu behar dela nabarmendu du, baita hurrengoa negoziatu behar dela ere.

Desadostasunak finantzaketan

2024rako finantzaketa publikoaren ereduan «konpromiso soziala indartzea» nahi du, baina baita kanpoko funtsak «nabarmen handitzea» ere. Bide horri buruz zalantzak erakutsi dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Era berean, Ferreirak gogorarazi du unibertsitateak administrazioaren araudiaren arabera aritzen direla, eta eurek «oso mugatuta» daukatela epe ertain edo luzerako nazioarteko proiektuak egiteko edo ikerketarako instalakuntzak lortzeko malgutasuna. Horrenbestez, malgutasun handiagoa eskatu du, lehiatu ahal izateko: «Jasotzen dugun euro bakoitza —pribatua edo publikoa izan— unibertsitate publiko gisa ezartzen zaizkigun arauen arabera gastatu behar dugu; beraz, hazteko eta emaitzak hobetzeko arazoa ez da konponduko finantzaketa hobetuta soilik, baizik eta malgutasuna eman behar da hura [malgutasuna] duten beste zentro eta erakunde batzuekin lehiatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.