Urkulluk baztertu egin du, oraingoz, Labiren bilerara deitzea

Eusko Jaurlaritzak uste du indarrean dauden neurri murriztaileak betetzea nahikoa dela birusaren hedapena eteteko.

Labiren batzorde teknikoaren bileraren buru izan da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria. ADRIAN RUIZ DE HIERRO /EFE
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 13a
15:35
Entzun

Kutsatzeen kurbak etengabe gora egiten duen arren, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak baztertu egin du, oraingoz, Labiren aholku batzordera deitzea. Gaur eguerdian, Labiren batzorde teknikoak bilera izan du egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta han izan dira Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du lehendakariak, oraingoz, ez duela aurreikusia Labiren aholku batzordera deitzea neurriak gogortzeko edo berriak hartzeko. Indarrean dauden neurri murriztaileak betetzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Jaurlaritzak: «Osasun agintarien ustea eta gomendioa argia da: neurri horiek zorrotz betetzea da biderik eraginkorrena murrizketa gehiago saihesteko». Ostegun honetan batzorde teknikoa berriro bilduko dela iragarri dute.

Bilakaera epidemiologikoaz oso kezkatuta mintzatu da Osasun sailburua gaur goizean. Aitortu du egoera «oso kezkagarria» dela oraindik ere, kutsatuen kurbak gorantz doalako oraindik ere. Azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 420,15 kasukoa da erkidegoan; duela hilabete baino 220 puntu handiagoa, Sagarduik azpimarratu duenez. Ospitaleetako presioa ere gero eta handiagoa da: oraintxe, 430 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan erietxeratuta birusaren sintomekin, duela astebete baino 66 gehiago, eta ZIUetako oheen %46 hartzen dituzte koronabirusarekin gaixo daudenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.