Amiantoa

Amiantoaren biktimentzako funtsa eratzea onartu du Kongresuak

Hiru legebiltzarkidek Eusko Legebiltzarraren eskaera azaldu dute, eta Madrilgo ganberak ontzat jo du lege egitasmoa tramitatzea, Voxen abstentzioarekin. Funtsa nola elikatu: hor egongo da gakoa aurrerantzean

Amiantoaren biktimen elkarte baten protesta, gaur, Kongresuaren atarian. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
xabier martin
2021eko apirilaren 13a
21:01
Entzun

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat eratuko du Espainiako Estatuak, Madrilgo kongresuak aintzat hartu baitu Eusko Legebiltzarrak 2017. urtean adostutako akordioa. Itun horrek dio konpentsazio funts bat sortu behar dela, 1950eko hamarkadatik gaur egunera amiantoarekin harremana edukitzeagatik gaixotu eta hildakoentzat, eta Espainiako Kongresua izango dela «amiantoaren injustizia historikoari aurre egiteko» legea onartuko duena. Bada, lege egitasmoa onartu dute Madrilgo ganberako talde politiko guztien baietzarekin, eta Voxen abstentzioarekin, «separatistek estatu zapaltzaileari bota nahi diotelako hildakoa».

Maitane Ipiñazar (EAJ), Eva Blanco (EH Bildu) eta Gloria Sanchez (PSE) euskal legebiltzarkideek defendatu eta azaldu dute, Madrilen, lege egitasmoaren edukia eta espiritua, eta ezkerreko zenbait talde politikoren aitortza eta eskertza jaso dute Legebiltzarrean «egindako lanarengatik». Horiek horrela, amiantoak minbizia eragindako beharginentzat eta behargin izan ez direnentzat konpentsazio funts bat sortzeko bidea hartu du Kongresuak, eta hura kudeatzeko organismo bat ere bai, arautegi zehatz batekin. Baina tramitera onartu den lege egitasmoan zenbait emendakin iragarri dituzte alderdi batzuek, PPk esaterako, funts hori elikatzeko modua aurreikusten delako gakorik gogorrena aurrerantzean.

Izan ere, Eusko Legebiltzarraren idatziak jasotzen du estatuaren ekarpenez gain enpresek ere beren alea jarri beharko dutela funts hori elikatzeko, eta zenbait hizlarik iradoki dute lokarri hori legea tramitatzean askatu beharko dela. Baina Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak azpimarratu du gaur lege proiektua onartzea zela «garrantzitsuena», eta «aurrerago» eztabaidatuko dela «funtsa nola elikatu». Gaineratu du amiantoak sortu dituen biktimen auzia «justizia sozialaren kontua» dela, eta eskerrak eman dizkie Madrilgo Kongresuan egon diren Asviamieko kideei, «egindako lan handiarengatik». Gogorarazi du Belgikak, Herbehereek eta Frantziak pareko konpentsazio funts ereduak garatu dituztela, eta Espainian ere garatuko dela bat, eta hori dela oinarrizkoa orain, konpentsazio batekin aitorturik egon daitezen «biktima guztiak, amiantoarekin lan egin zuten enpresetako beharginak eta beste hainbat: beren bikotekideak, adibidez».

Arropa garbitzen zutenak

Oskar Matute EH Bilduko koalizioko ordezkariak Asviamie amiantoaren Euskadiko biktimen elkarteari eskaini dio bere hitz egiteko denbora, elkartearen gutun bat irakurriz. Funtsa eratzeak esan nahi du «amaiezinak diren prozesu judizialak» eragotziko direla, hein handi batean; Asviamiek gutun horretan esplikatu du «ateak ireki» zaizkiela biktima askori, aitortza jasotzeko, «ez bakarrik enpresa handietan aritutako biktimei». Lan kontratuz jardundako behargin horien lan arropak, amiantoz zipriztindurik, «beren emazteek, amek eta alabek» garbitu zituztelako.

Dena den, Asviamiek 2017an gertatutakoa «berriro ez errepikatzea» nahi du beste ezeren aurretik; Kongresuak antzeko proposamen bat tramitatzea onartu zuen, aurretik Eusko Legebiltzarrean onartua izan zena, baina bertan behera geratu zen, 2019ko apirilean hauteskundeetara deitu eta gero. Gutxienez, beste bi alditan ere eten dute tramitazioa, epe eta forma arazoak argudiatuta.

PSEko Maria Guijarro bizkaitarra harro azaldu da Eusko Legebiltzarrean lortutako akordioarekin, eta gogorarazi du Patxi Lopez lehendakari zen garaian hasi zuela bere bidea ganberan. Vox taldeari «biktimentzako errespetua» eskatu dio, eta, 2001etik amiantoa Espainian debekatua dagoen arren, «oraindik aitortzarik gabeko biktima ugari» daudela esan du, «horietako asko lan kontraturik gabe aritu ziren emakumeak».

Adituek diote 125 milioi pertsona daudela munduan amiantoaren arriskupean. Europan, 88.000 hil dira hark eragindako minbiziarekin, agiri mediku baten arabera. 1999tik 2018ra bitartean, 825 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian; 2019an, 30 langile hil ziren, baina biktimen elkarteak ohartarazi du kasuen %10 baizik ez direla horiek.

Konpentsazio funtsa eratzeko lege egitasmoa tramitatzean, ez dira faltako oztopoak, ordea, eta baliteke handiena enpresek funtsa elikatzeko izan dezaketen derrigorrezko ekarpena izatea. Asviamieren arabera, «ez da zalantzarik enpresen ardura bat badela amiantoak eragindako minbizien epidemian». Enpresa askok urratu zuten legea, baina elkarteak uste du «estatuak ere» baduela ardura, hamarkadetan gertatutakoan «modu pasiboan» jokatu zuelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.