Teknologia

Telefonoen kargagailu bakarraren lege egitasmoa aurkeztuko du Europako Batzordeak

Europako Batasunean sakelakoen bateria betetzeko kargailu unibertsala egotea nahi du Bruselak, eta ekainean plazaratuko du helburu hori lortzeko lege proposamena.

Huawei etxeko tablet bat, kagatzeko bere kablearekin. ALEX PLAVEVSKI / EFE
xabier martin
2021eko apirilaren 15a
12:29
Entzun

Telefonoen baterien kargagailu bakarra nahi du Europako Batzordeak, mota batekoa alegia, europarrek nonahi izan dezaten aukera beren gailuen bateria betetzeko, edozein dela ere sakelakoaren marka eta modeloa. Hondakin elektronikoen atalean ere neurri horrek bere ekarpena egingo duela uste du Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak, eta, ekainean bertan, Batzordeak lege egitasmo bat aurkeztuko du helburu hori lortzeko.

Thompson eta France Telecom konpainietan aritutakoa da Breton, eta kargagailu unibertsalak "garrantzi berezia" duela esan du. "Nire helburua ez da bakarrik mota bakarreko kargagailua ezartzea; hondakin elektrikoen inguruan neurri gehiago onartzea nahiko nuke ", esplikatu du. Urtero, 51.000 tona hondakin eragiten dituzte sakelakoek Europako Batasunean, parlamentuaren datuen arabera. Lege egitasmo hori Batasuneko 27 kideekin negoziatu beharko da, eta, ondoren, Europako Parlamentuan eztabaidatu eta onartu.

Batzordearen konpromisoa zen Barne Merkatuko komisarioak orain ezagutarazi duena, baina pandemiak urtebete atzeratu du. Berez, 2009an abiatu zen sakelakoen eta tableten bateriak betetzeko gailuen eztabaida. Artean 30 gailu desberdin zeuden merkatuan, eta Bruselak gailuak harmonizatzeko akordioa lortu zuen alorreko konpainia nagusiekin, besteak beste, Apple, Nokia, Samsung, Sony eta LGrekin. Itun horri esker, kargagailuen modeloen zerrenda murriztu egin zen, eta, gaur egun, hiru modelo nagusi daude: USB 2.0 Micro B, USB C eta Appleren etxekoak, Lightning sistema.

Apple ez dago ados

Akordio horren indarraldia, ordea, 2014an iraungi zen, eta Europako Parlamentuak lege bat lantzen hasteko eskatu zion Batzordeari, gailu bakarra onartzeko. Eskaera hori ez zen sekula bete. Baina 2020. urtearen hasieran, parlamentuak berriro bateriak betetzeko gailuen harmonizazioa eskatzea onartu zuen, eta, ekainerako, lege proposamena iritsiko da, atzerapenik ez bada.

Erabiltzaileentzat begien bistakoak lirateke onurak, baina konpainiek ez dute batere argi ikusten, batez ere Applek. Haren kargagailuak soilik sagarraren etxeko telefono eta tabletetan erabil daitezke. Ekosistema propioa babestu nahi du Applek, eta ez du begi onez ikusten Bruselaren ekinaldia. "Berrikuntza izoztu egiten du, bultzatu beharrean", esan du gaiari buruz galdetu diotenean, eta "konpainien kooperazioa" eskaini du legeak baztertzeko, derrigortasuna baztertzeko, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.