Eremu gorritik kanpoko bederatzi herri handik gainditu dute 400eko langa, Donostia barne

Gipuzkoako zortzi herri handi sartu dira eremu gorriko datuetan: Donostia, Azpeitia, Deba, Eibar, Hernani, Mutriku, Urnieta eta Zumaia; herrialdeko beste herri handi gehienak iristeko atarian daude. Laudiok ere gainditu du tasa.

Turista talde bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko apirilaren 15a
20:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aginduta, 47 herri daude eremu gorrian joan den asteartetik, baina COVID-19aren transmisioak ez du motelaldirik; Araban zertxobait gelditu da azkeneko egunetan, baina Bizkaian zabaldu eta zabaldu ari da, Aste Santu aurretik zuen abiada antzekoan. Gipuzkoan, berriz, egoera larriagoa da, eta ziztu batean ari dira ugaritzen kasuak, etenik gabe.

Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan bi alditan atzeratu du Labiren bilera politikoa, baina ez da datuak onak direlako. Joan den astelehenean, herrien zerrenda berrikusi zutenean, eremu gorritik kanpo geratu ziren Gipuzkoako zortzi herri handik eta Laudiok gainditu egin dute 100.000 biztanleko 400 kasuren langa, eta Gipuzkoan ia ez da 5.000 biztanletik gorako herri handirik langa horren azpitik. Hurrengo astelehenean berrikusiko du Jaurlaritzak zerrenda, eta aldatuko dira datuak ordura arte, baina herri horietan zabaltzeko joera hartua du koronabirusak azken egunotan.

Asteartetik 21 herri handi eta hamasei txiki daude eremu gorrian Gipuzkoan, eta hiru egun eskasetan haien parera iritsi dira Donostia (azken hamalau egunetako datuekin, 100.000 biztanleko 416 kasu positibo), Azpeitia (401), Deba (513), Eibar (484), Hernani (497), Mutriku (451), Urnieta (419) eta Zumaia (702).

Herrialdeko beste herri handiek ere laster gaindituko dute 400eko langa, eta martxa horretan jarraituz gero, aurki ez da herri handirik izango tasa horren azpitik Gipuzkoan: Andoainen, 367koa da, azkeneko datuen arabera; Bergaran, 372koa; Irunen, 345ekoa; eta Elgoibarren, 268koa.

Bizkaian, apalxeago

Bizkaian ere okertzen ari da egoera, baina ez horren azkar. Joan den astelehenean lau herri handi itxi zituzten, eta hiru txiki. Oraintxe bertan, herri bakarra dago 400eko tasatik gora baina eremu gorritik kanpo: Berango (427ko tasa, 100.000 biztanleko). Baina intzidentzia gora doa herri guztiz gehienetan, eta 5.000 biztanletik gorako herri batzuetan 400eko langara gerturatzen ari dira. Basaurin, 305ekoa da; Durangon, 356koa; Erandion, 389koa; Santurtzin, 322koa; Zornotzan, 332koa.

Herri handi asko 300eko langatik behera daude Bizkaian, baina. Eremu gorritik kanpo daudenen artean hauek nabarmendu litezke: Barakaldo (294), Leioa (328), Galdakao (281), Mungia (278), Bermeo (230), Gernika-Lumo (208) eta Lekeitio (166).

Araban, Laudio eremu gorritik kanpo geratu zen, 5.000 biztanle baino gehiagoko herri bakarra hiriburuaren atzetik. Ostiral honetan zabaldutako datuen arabera, orain gainditu du 400en langa: 100.000 biztanleko 414 kasu positibo atzeman dituzte azkeneko hamalau egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.