Euskal gatazka

«Inposatu nahi den irakurketa bakarraren kontra» egin du Bikilak azken liburuan

Eman Zesarri Zesarrena liburua argitaratu berri du, biolentziaren inguruko gogoetekin.

Joxe Iriarte 'Bikila', artxiboko irudi batean. ANDONI CABELLADA - FOKU
gotzon hermosilla
2021eko apirilaren 22a
15:31
Entzun

Aurreko hamarkadetan, euskal gatazkaren muina «terroristen» eta «demokraten» arteko borroka izan zen, eta azkenean «demokratak» gailendu ziren. Joxe Iriarte Bikila-ren ustez (Errenteria, Gipuzkoa, 1945), hori da euskal gatazkaren inguruan zenbait arlotatik «inposatu nahi den irakurketa bakarra». Horrekin ados egon ez, eta biolentziaren inguruko bere ikuspegi, gogoeta eta unean uneko jarrerak bildu ditu Eman Zesarri Zesarrena>> izeneko liburuan. Intxorta 1937 kultur elkarteak argitaratu du.

Ibilbide luzeko militantea da Bikila: 1960ko hamarkadan ETAren Langile Frontean jardun zuen, baina bere militantziaren zatirik handiena LKIn eta Zutik-en egin du. Gaur egun, Alternatibako kidea da, eta, beraz, EH Bildukoa ere bai. Esan duenez, EH Bildu «antolakunde askotariko eta zabala» da, eta han badago borroka armatuaren berri zuzena izan ez duen belaunaldi gazte bat, baina belaunaldi zaharragoak ere badaude: «Batzuk bere garaian ETAren aldekoak ziren, eta orain iraganaren irakurketa kritikoa egiten ari dira; beste batzuk Ajuriaeneko Ituneko kide izan ziren, euskal gizartea biolentoen eta demokraten artean banatzen zuen horretakoak; eta batzuekin zein besteekin ados ez geundenak ere bagara».

Bikilaren ustez, «gezur borobilak» barreiatzen ari dira iragan hurbilaren inguruan: adibidez, euskal idazleak «otzanak, faltsuak eta koldarrak» izan zirela indarkeriaren aurrean jarrerarik hartu ez zutelako, «gezur galant eta maltzurra dena»; edo ez dela zilegizkoa «euskal aberriaren alde» egitea aldarrikapen hori «terrorismoak kutsatua» delako, «Guardia Zibilaren kasernetako torturak Espainiaren alde egin zirela ahaztuta»; edo EAJren tesia, hau da, «ETA sortzea inoiz gertatu behar ez zuen zorigaitza» izan zela, Bikilak goitik behera errefusatzen duena: «ETA jaio zenean guztiz zilegizkoa izan zen gazte batzuek armak hartzea Francoren kontra egiteko»

Bikilaren iritziz, ETA «unean uneko jardueraren arabera» epaitu behar da. Dioenez, erakundeak «ekintza-errepresioa-ekintza» estrategiari eutsi zion bitartean, asko neurtzen zituen bere ekintzak, estatuak ez bezala, «hark erantzuten zuenean herri osoa kolpatzen zuelako». Estrategian negoziazioaren ideia gailentzeaz batera, eta estatuak amore ematen ez zuela ikusita, «militarizazioa» areagotu zen: indarkeria «modu neurtu gabean» erabiltzeari ekin zion, hautetsien kontra egiten ere hasi zen, eta «sufrimenduaren sozializazioa» iritsi zen.

Bikilak uste du jarduteko modu horrek «kalte handia» egin ziela jarrera iraultzaileei, eta, gainera, bilakaera hori ez zela «nahitaez gertatu beharrekoa»: Iraultza eta Iparretarrak erakundeen jarduera aipatu zuen horren adibidetzat.

Egilearen ustez, biolentzia politikoaren auzia ez da «zuriaren eta beltzaren artean» ebatzi beharrekoa, eta «grisaren ñabardura askotarako» lekua dago. Ez du uste indarkeria leku, garai eta adierazpide guztietan gaitzetsi behar denik: «Euskaldunako langileek ontziola defendatzeko bortxa erabiltzen zutenean, hura ez al zen zilegizkoa?», galdetu du. Alta, pentsatzen du gaur egungo egoeran bide baketsuek «etekin handiagoa» eman dezaketela, «Katalunian gertatutakoak erakusten den moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.