Osakidetzak atzeratu egingo ditu «premiazkoak» ez diren ebakuntzak

Gutxienez bi aste iraungo du neurri berriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetako oheen %53 bete dituzte COVID-19az kutsatutakoek.

Gurutzeta ospitaleko ZIU gunea. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 26a
13:13
Entzun

Azken asteotako kutsatzeek izugarri areagotu du  ospitaleen gaineko presioa, eta Osakidetzak «premiazkoak» ez diren ebakuntzak atzeratzea erabaki du. Osakidetzako sarean daude ospitale guztietan atzeratuko dira ebakuntzak. Erabakia aste honetan bertan sartuko da indarrean, eta bi aste iraungo du, gutxienez. Modu horretan, Osakidetzak bermatu egin nahi du premiazkoak edo atzeratu ezin diren ebakuntzak egitea, bai eta prozesu onkologiko batean premiazkoak diren ebakuntzak egitea ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez eman du erabakiaren berri. Jakinarazi du Osakidetza Kontingentzia Planaren hirugarren jokalekuan dagoela –bost daude jasoak planean–. Osakidetzako ospitale sareak kritikoen 363 ohe ditu zabalik, eta, haietatik, % 53 COVID-19aren ondorioz ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 192 ohe, guztira. ZIUetako okupazioaren ehunekoa, gaixo guztiak aintzat hartuta, % 83 da gaur egun. Hau da, 363 ohe horietatik 302 daude okupatuta.

Martxoaren hasieratik,  Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan koronabirusarengatik dauden pazienteen batez besteko adina 61 urte da. Paziente gazteen kopuruak gora egin du, eta 80 urtetik gorako pazienteen kopurua murriztu egin da, txertoaren ondorioz. Kritikoen unitateako batez besteko egonaldia hemezortzi egunekoa da, eta heriotza tasa, % 15ekoa, Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.