Egunean Behin

Astelehenean hasiko da Egunean Behin jokoaren zazpigarren denboraldia

Hamar aste iraungo du denboraldiak, eta, adierazi dutenez, berritasun ugari izango ditu. Final bat ere egingo dute, betiere «pandemiaren egoerara egokituta».

'Egunean Behin' jokoaren ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko apirilaren 27a
16:16
Entzun

Bueltan da «euskaldunon joko eta aplikazio arrakastatsuena». Bueltan da Egunean Behin, eta buelta dira, zazpigarren denboraldiarekin batera, galdera eta proba interesgarriz beteriko hamar aste, sari berriak, eta, beste denboraldietan egin ohi izan duten bezala, erabiltzaile eta zaletu finenen finala. Joan den denboraldian, seigarrenean, izugarrizko harrera izan zuen aplikazioak, eta 60.000 lagun baino gehiago kateatu zituen eguneroko galde-erantzun jostarietara.

Hain justu ere, parte-hartze olde horri jarraipena emateko asmoz itzuli da Egunean Behin. Jakinarazpen baten bidez eman dute denboraldi berriaren berri. «Prestatu zuek eta zuen taldeak», zioen mezuak, eta mezuarekin batera, zazpigarren denboraldiak izango dituen xehetasun eta berezitasun guztiak azaldu dituzte. Horien artean zehaztu dituzte, besteak beste, denboraldiaren hasiera data eta izango duen iraupena: maiatzaren 3an izango da lehen eguna, datorren astelehenean, eta hamar aste iraungo du.

Finala, «pandemiaren egoerara egokituta»

Galderen artean berrikuntza ugari egin dituztela ere nabarmendu dute, eta denboraldi berri honetan jakintzari, trebeziari eta matematikari buruzko galdera ugari ere sartu dituztela. Euskal gaiak ere landu dituztela adierazi dute, eta «herri ikuspegitik» jorratu dituztela. Denboraldi amaieran, finala ere egingo dute, ohi bezala, nahiz eta oraingo honetan ere «pandemiaren egoerara egokituta» izan beharko duen. Final handi horretan, sailkapenean postu gorenean dauden erabiltzaileak eta zozketaz gonbidatutako zaleak egongo dira.

Oraingoan, EITB izango da joko arrakastatsuaren babesle nagusi, eta astez asteko babesleen artean egongo dira, besteak beste, Arnasa Gara, Donostia Turismoa, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Txalaparta, Ekolurra, Finantzaz Haratago eta Kot. Banatuko dituzten sarien artean, berriz, telebista adimentsu bat, sakelako telefono bat eta ordenagailu bat daude, eta denboraldiaren amaieran bi Chromecast ere zozketatuko dituzte erabiltzaile guztien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.