Arnasa Gara

Ander Lipus: «Euskaldunok batzuetan atzerritar sentitzen gara geure herrian»

Mediku bakoitzak bere orrika ikus-entzunezkoaren inguruan jardun dira zuzenekoan, eta tokian tokiko hizkera eta tokian tokiko hitz bereziak goraipatu ditu antzerkigileak.

Ander Lipus, BERRIAk egindako elkarrizketan. BERRIA
2021eko apirilaren 27a
17:03
Entzun

«Euskararen aberastasuna erakusten dute euskalkiek; baita eremu zehatz batzuetan soilik errotuta dagoen lexikoa ere. Horiek hizpidera ekartzen ditugun bakoitzean, modu naturalean biziberritzen dugu euskara, eta ingurukoak ere aberasten ditugu, hitz eta esamolde berriekin». Horrela dio aste honetan Arnasa Gara kanpainaren barruan zabaldutako bideoaren inguruko mezuak. Mediku bakoitzak bere orrika izena du ikus-entzunezkoak, eta, izenburuak iradoki dezakeen bezala, euskalkien aberastasunari egiten dio keinu. Hain justu ere, horren inguruan hausnartu dute Arnasa Gara kanpainaren seigarren elkarrizketa digitalean. Ander Lipus antzerkilari, antzezle, zuzendari eta gidoilariari egin diote elkarrizketa, eta euskalkien garrantziari eta hizkuntzari egiten dioten ekarpenari buruz hitz egin du Nagore Arin BERRIAko kazetariarekin.

Ikus-entzunezko horretan, orrika kontzeptuaren inguruan dihardute esketxean agertzen diren medikuek; izan ere, gainerakoek ez dute hitz hori ezagutzen. Lipusen esanetan, bera ere erabat islatuta sentitu da hitz hori ulertzen ez zuten mediku eta erizainekin: «Ez nuen hitza ezagutzen. Bitxi egiten du hizkuntza bera, eta aberastu egiten du euskara». Antzeko testuinguru ugari bizi izan dituela ere aipatu du, eta zenbait adibide jarri ditu. Horietako bat, Iparraldean girotuta: «Asko aritu izan naiz Iparraldean, antzerkian. Gogoratzen dut, bere garaian, antzezleei esaten niela 'joan zaitezte atzera'. Ez zidaten ulertzen, geldirik gelditzen ziren. 'Joan zaitezte gibelera' esan nien gero, eta guztiak mugitu ziren». Hala, tokian tokiko horrelako hitz eta kontzeptuek hizkuntza aberasten dutela azpimarratu du antzerkigileak, eta erantsi du «hizkera eta komunikaziorako gaitasuna» ere aberasten dituela.

Euskalkietatik abiatuta, euskara batuaren nolakotasunez ere hitz egin du antzezleak. Euskara batuan hitz egitean euskaldun batzuek izan ditzaketen konplexuen inguruan hitz egin du, eta aldaera hori zerbait zurruna edota arrotza izango balitz bezala ikusteari utzi behar zaiola nabarmendu du: «Nik neuk ere egiten dut, beste komunikabideetan euskara batuaren aldaera estandar bat egiten saiatzen naiz, eta ez du zertan horrela izan, gure euskalkietakoak diren hitz ugari sartu ditzakegu euskara batuan ere». Hain justu ere, Lipus bera aritu izan da ariketa hori egiten bere antzezlanetan: «Ariketarik sakonena Errautsak deituriko antzezlanean egin genuen. Aktore bakoitza bere herriko euskalkian mintzatu zen, euskalki itxian. Ariketa interesgarri bat izan zen, baina ez da erreala».

Markina-Xemein, Lipusen «arnasgune»

Arnasguneen inguruan ere solastatu dute elkarrizketa digitalean. Aspaldidanik sartu zitzaion Lipusi arnasguneen kontzeptu hori belarrian, eta Markina-Xemein (Bizkaia) jarri du baieztapen horren oinarrian: «Dena euskaraz bizi izan nuen hemen, eta Madrilera joan nintzenean ia ez nekien gazteleraz hitz egiten. Madrildik Bilbora itzultzean, gaztelera dezente entzuten nuen; euskara entzuten nuen bakoitzean, arnas txiki bat bezala zen niretzat». Orain aurkezten ari den antzezlanarekin lotu ditu testuinguru eta errealitate horiek, eta antzezlanean bertan esan ohi duten esaldi bat ekarri du gogora: «Euskaldunok batzuetan atzerritar sentitzen gara geure herrian». Horregatik, bere arnasgune kutun bezala definitu du jaioterria, Markina-Xemein: «Hona etortzen naizenean, arnasa hartzen dut; badakit euskaraz erantzungo didatela beti; arnasgune horretan bizi naiz».

[youtube]https://youtu.be/wy5MQ-nKBhg[/youtube]

Arnasa Gara kanpainaren barruan egin duten seigarren zuzeneko elkarrizketa izan da Ander Lipus antzezlearena. Martxoaren erdialdean aurkeztu zuten kanpaina, Uemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean. Udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren azaltzen dute kanpainaren bitartez, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira horren ardatza. Bideo horietako bakoitzean, udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke, eta, egoera horietatik abiatuta, gogoeta ugari egin. Kanpainaren barruan, zozketa bat ere jarri dute abian, eta euskarazko liburuak eta diskoak erosteko bonu txartelaren eta euskarazko aldizkarietarako harpidetzaren artean hautatu ahal izango dute irabazleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.