Enpresak

Enpresa txikiak ari dira okerren pasatzen Bizkaiko metalgintzan

Suspertzea geldotu egin da lehen hiruhilekoan, baina hobekuntza laster espero dute alorrean. FVEMek azaldu du enpleguaren murrizketa aurreikusi baino txikiagoa izan dela; 500 lanpostu galtzea espero zuen, baina martxoan 206 enplegu sortu dira metalgintzan Bizkaian.

Adolfo Rey eta Tamara Yagüe, FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko buruzagiak. FVEM
Irune Lasa.
2021eko apirilaren 28a
11:58
Entzun

«Egoera konplexuz betetako urte zaila» izan da iazkoa Bizkaiko metalgintzarentzat, azaldu du Tamara Yague FVEMeko presidenteak. Egoera gorabeheratsuaren ondorioz, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak inoiz baino kontsulta gehiago jaso ditu  pandemiaren lehen urtean, eta hainbat informazio zirkular plazaratu behar izan ditu. FVEMk gaur egingo du bere urteko batzarra.

Federazioak, halaber, arloko 300 enpresatan (15.000 enplegu inguru) egindako koiuntura inkesta berria aurkeztu du. Haren arabera, Bizkaiko metalgintzan geldotu egin da jardueraren suspertzea, baina konpainiek uste dute laster hobetuko dela joera, betiere txertaketa kanpainaren arabera.

Dena den, batzuk beste batzuk baino hobeto dabiltza. Bizkaiko metalgintzako enpresen %44k iazko azken hiruhilekoaren pareko jarduerarekin jarraitzen dute, eta %20 uste baino hobeto dabiltza. Hala ere, konpainien herenek ikusten dute beren merkatua atzeraldian edo atzeraldi gogorrean.

Enpresen erdiek uste dute urtebetetik gora beharko dutela jarduera erabat leheneratzeko. Oraindik ere, konpainien %54k diote euren eskari zorroa ahula edo oso ahula dela. Yaguek kezkatuta azaldu du enpresa txikiak ari direla kirisa okerren pasatzen, hamar langilez azpikoak; «txosten guztian ikusten da enpresaren neurriaren eta adierazleen arteko erlazio hori; zenbat eta handiagoa enpresa, parametroak positiboagoak dira».

Enpresen kezka nagusien artean, Espainiako merkatuaren ahultasunak hartu du lehen postua, baina aspaldian agertu ez den arrangura bat ere agertu da, lehengaien kostuei eta hornikuntzari buruzkoa. Errentagarritasun txikiak hor dirau, azken urteetan bezala enpresen kezkabide handienen artean.

Datu on bat enpleguan

Pandemia hasi zenetik lehen aldiz, gehiago dira langile taldea handitzeko asmoa duten enpresak (%16) kaleratzeak aurreikusten dituztenak baino (%12,5). FVEMeko presidenteak gogoratu du urte hasieran sektorean 500 lanpostuko galera aurreikusi zutela, baina hobekuntza arin bat ikusi du Gizarte Segurantzaren martxoko emaitzetan, 206 afiliatu gehiago zenbatu baititu.

Beste aldagai batek ere lausotzen ditu enpleguari buruzko irakurketak: urteko lehen hiruhilekoan Bizkaiko metaleko enpresen %17k zuten enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteren bat indarrean. Bigarren hiruhilekoan halako erregulazio bat eskatzeko aukera zabalik zeukaten beste %10,7k.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.