Binakako Txapelketako finala

Bi bikoteak, konforme pilotekin

Elezkanok eta Zabaletak batetik, eta Peñak eta Albisuk bestetik, igandeko finalerako pilotak aukeratu dituzte Bizkaia pilotalekuan. Baikoko bikotearenak bizixeagoak dira.

Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 6a
14:23
Entzun

Binakako Txapelketaren aurreko azkeneko formalismoa egin dute gaur lau pilotariek: pilotak aukeratzen ibili dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Elezkano eta Zabaleta, batetik, eta Peña eta Albisu bestetik. Konforme geratu dira laurak. Baiko enpresako bikotearenak bizixeagoak direla nabarmendu dute laurek. "Hiru pilotetako bat bote gehiagokoa da, eta hori aukeratu dugu zerbait ezberdina edukitzeagatik piloten otarrean", azaldu dute Albisuk. Elezkanok helarazi du Aspeko bikoaren ustea: "Gure pilotak bote gutxiagokoak dira, haienak biziagoak, baina, ohi dudan bezala, ez dut ezer esango piloten inguruan".

Aukeratu dituzten pilotei izen-abizenak jartzea zenbateko pisua duten esatea izaten da, eta hauxe da igandeko seikotea: Elezkanoren eta Zabaletaren piloten pisua 106,4 gramo, 105,6 eta 106,1 izan da, eta Peñak eta Albisuk apartatu dituztenena, 106,1 gramo, 105,9 eta 105, 2.

Bere horretan joan da aukeraketa, eta, ondoren, adierazpenak egin dituzte pilotariek. Hautaketaz ez ezik, finalaz ere aritu dira, jakina. Lauretan gazteena Peña da, eta debutari bakarra tamaina honetako finaletan. Lasai dagoela adierazi du: "Txapelketa honetan, hainbat partida jokatu ditut tentsio handikoak, eta ondo moldatu naiz. Igandean beste horrenbeste egitea espero dut". Final handian zer estrategia erabiliko duten galdetu zaio, eta ezusterik ez du eman erantzunean: "Sakearekin min handia egin dugu txapelketan, eta ondo dabilena ez da aldatu behar".

Hiru bider jokatu dute bi bikoteek elkarren aurka txapelketa honetan: bitan Baikokoak izan ziren irabazle, eta azkenekoa, finalerdietakoa irabazi zuten Aspekoek (alde handiz, gainera: 22-8). Lau pilotariak uste berekoak dira aurrekari horien inguruan, eta ez zaie iruditzen inolako eraginik izango dutenik. Albisuk aipamena egin du igandeko aurkarien kontra lortutako bi garaipenen inguruan: "Bi partida horietan, Zabaletari eustera atera ginen hasieran, pazientziaz jokatuz, eta igandean ere aldagai hori garrantzitsua izango delakoan nago".

Atera behar zuen final baten atarian faboritoaren gaiak. Itxuraz, Elezkano eta Zabaleta dira, baina atzelari nafarrak ez dio batere inportantziarik eman. Beste kontu bat ere badabil bueltaka: Peñak eta Albisuk ez dutela binakako txapelik, eta Zabaletak, berriz, bi; ondorioz, irabazteko gose handiagoa izan omen dezakete Baikokoek: Zabaletak ukatu egin du berak baino grina handiagoa izango dutela aurkariek irabazteko, aurretik bera txapeldun izanagatik ere. Elezkanok ere badu txapelik Binakakoan: bat, duela bi urtekoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.