Testigantzak

«Abstentziora jo zuten, eta Patxi Lopez etorri zen»

jarraia197457.jpg
maddi ane txoperena iribarren
2021eko maiatzaren 9a
08:55
Entzun

Josune Ariztondo. EAJri inoiz gertatu ez zitzaiona jazo zitzaion ilegalizazioen ondorioz: Jaurlaritzako agintea galtzea. Ondarroako Udala kudeatzeko bazkide izan zen Ariztondo.

Garai «gogor» gisa gogoratzen ditu Josune Ariztondok (Ondarroa, Bizkaia, 1948) EBB Euskadi Buru Batzarrean egindakoak: «2000. urteko urtarriletik 2008ra arte egon nintzen». Alegia, legez kanporatzeen garaian, bete-betean: «Urte tarte gogorrena hor egon zen: ilegalizazioa, Lizarra-Garaziren gainbehera...». Hiru atalaiatik egokitu zitzaion gertatzen ari zena ikusi eta bizitzea: alde batetik, EBBko idazkari gisa; bertze alde batetik, Ondarroako Udala kudeatu zuen batzordeko kide modura; eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatu gisa.

Gibelera begiratuta, jeltzaleak uste du EAJri garai hori bi aldiz «sufritzea» egokitu zitzaiola: «Gu haien legeztatzearen alde geunden; hori aldarrikatu, eta horregatik sufritzea, bikoizki sufritzea tokatzen zitzaigun». Azaldu du, izan ere, «planto handia» egin zuela EAJk Alderdien Legearen aurka: «Lege horren aurkako botoa eman genuen Kongresuan». Oroitu du horren «aurrekaria» Itun Antiterrorista izan zela, 2000an onartutakoa, eta haiei ere kalte egin ziela: «Horrekin deabrutu egin gintuzten, ez alderdi abertzaleak: abertzaleak, denak».

Alderdien Legearen aurka egon arren, «paradoxikoki», Ariztondok dio ez zutela Batasuneko kideengandik «errekonozimendurik» atzeman: «'Ni zure alde banago eta zu zigortzen bazaituzte, zergatik ematen didazu niri errua?'. Hori da nolabait sentitzen genuena. Ezker abertzaleak besterik nahi zuen?». 2009ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan gertaturikoa jarri du desadostasunen adibide: «Guk iradokitzen genien ezker abertzalekoei abstentzioaren alde jo beharrean esatea ez EAJri botoa emateko, baizik eta alderdi abertzaleei botoa emateko, ze bat baino gehiago baikinen. Baina hori ez genuen lortu: eurek euren indarrak neurtu nahi zituztelako abstentziora jo zuten, eta, hori zela eta, PP eta PSOE izan ziren EA eta gu baino gehiago, eta hori zela-eta etorri zen Patxi Lopez lehendakari izatera». 1979tik EAJk Jaurlaritza galtzen zuen lehen aldia zen: «Oso larriki bizi izan genituen gertaera horiek».

Udala «martxan» jartzen

Artean EBBko idazkaria zela, Ondarroako Udala kudeatzea egokitu zitzaion Ariztondori, egoera berezian: zerrenda ugari legez kanpo utzi zituzten 2007ko udal hauteskundeetan, eta tartean zen Ondarroako EAE-ANVrena. Boto baliogabea eskatu zuten, eta EAJko zerrendak baino gehiago «lortu» zituzten: PPk eserleku bat eskuratu zuen; Aralarrek, bertze bat; eta EAJk eta EAk, bertze guziak. Ariztondoren hitzetan, EAJk ezker abertzaleari proposatu zion boto baliogabeak kontuan hartuta EAJk kargu «minimoak» har zitzala, baina ezker abertzaleak ez zuen hori «onartu», eta jeltzaleek ez zuten kargurik hartu: «Uste zuten hori gerra bat izango zela». Udala kudeatzeko beharra ikusten zuen EAJk: «Haurtzaindegia behea jota, eskola publikoa desastre bat eginda... Dena zegoen hankaz gora». Bizkaiko Foru Aldundiak batzorde kudeatzaile bat izendatzea erabaki zuen, eta, ondarroarra izanda, «bere burua eskaini» zuen Ariztondok. «Gerra» bizitu zuen, halere: «Ia osokorik ere ezin izan genuen egin gure udaletxean: Ertzainetan egin behar izaten genituen, edo Bilbon». EAJko kideak oroitu du «erasoak» pairatu zituela kalean, tartean amarekin zegoela: «Barrua hartu zidan». Zailtasunak zailtasun, nabarmendu du erdietsi zutela proiektuak aitzina ateratzea. Berdintasun batzordean, adibidez: «Bizitza markatzen zitzaidan batzar bakoitzeko, baina aurrera egin genuen». «Ondo edo txarto», «funtzionatu» zutela uste du: «Engranajea martxan jartzeko gai izan ginen».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jon Abril. Berako zinegotzi eta Aralarko koordinatzaileorde gisa, ezker abertzaleko bi «familien» arteko talkak kudeatzea egokitu zitzaion Abrili: «Injustizia gisa bizi nuen».

«Denak etsaitzat hartu gintuen Batasunak»

«Onartezinak». Halakoak ziren Espainiako Alderdien Legea eta ondorengo legez kanporatzeak orduan Aralarren zebilen Jon Abrilentzat (Bera, Nafarroa, 1975): «Etikoki, sozialki, politikoki... ez zegoen nondik heldu». 2003an sartu zen Abril Berako Udalean zinegotzi, hain justu ezker abertzaleko zerrenda legez kanporatu eta hortik hilabete batzuetara berriz egindako bozetan: «Urrian berriz ere hauteskundeetara deitu zuten,, eta orduan aurkeztu ginen». 2015era arte izan zen hautetsi Nafarroa iparraldeko udalean, eta bertze hainbat urtez Aralarko koordinatzaileorde, 2006tik 2011ra.

Uste du haren alderdiak «koherente eta zintzo» jokatu zuela legez kanporatzeen aurka. Alde batetik, «irmo» kokatu zelako Alderdien Legearen kontra: «Batasunarekin ere agerraldi publikoak egin genituen». Eta, bertzalde, erakundeetan: «Aralarrek hartu zuen erabakia eta konpromisoa nuluak ziren botoak zenbatuko zituela eta haiei zegozkion zinegotziak ez zituela hartuko, eta, orduan, udal aunitzetan Aralarrek legez esleitu zitzaizkion zenbait zinegotzi ez zituen hartu, ulertuz ez zegozkiola berari, baizik eta Batasunari». Hala ere «tentsio handiko» garaiak izan zirela oroitu du, eta «ezker abertzaleko bi familien» artean eztabaida «hagitz handia» zegoela; Batasunak haien aurka egiteraino: «Denak etsaitzat hartu gintuen Batasunak, eta hori injustizia handi baten gisan bizi izan dut. Berdintzen ninduten Alderdien Legea bultzatu zuten alderdi horiekin, eta ez zitzaidan bidezkoa iruditzen. Uler nitzakeen haien haserrea, ezinegona eta amorrua, baina ez ziren guk eragindakoak edo guk babestutakoak».

Eremu pertsonalean ere nozitu zuen, bereziki herrian: «Aunitz markatu ninduen lehenbiziko hauteskundeetan nire izena diana baten barrenean ikusteak». Harreman pertsonaletan ere eragin zuen: «Agurra ukatzea, hitza ukatzea, ilegalizazioa aprobetxatzen ari ginela...». 2011ko legeztatzearekin gauzak aldatu baziren ere, uste du beharrezkoa dela oraino «zauri» horiek «ixtea».

IñIGO URIZ / FOKU

Marine Pueyo. 2007an legeztatu zituzten zerrenda bakanetako bateko buru izan zen Pueyo, eta Iruñeko zinegotzi gisa jardun zuen. Gainerako alderdiek ez zieten bidea erraz utzi.

«Fotokopiagailua zegoen gelan utzi gintuzten»

Marine Pueyok (Faltzes, Nafarroa, 1954) ez luke «biktima» gisa agertu nahi, baina kontatzen dituen pasarteek argi adierazten dute nolakoa izan zen Iruñeko Udaleko 2007 eta 2011 arteko legealdia harentzat: «Gogorra izan zen». Tentsio «etengabea», mehatxuak etxeko postontzian, urduritasuna, haserrea, Poliziaren jarraipenak, negar egiteko gogoa, egonezina... Denak nahasten zaizkio garai hori gogoratzean.

EAE-ANV alderdiarekin aurkeztu zen orduan ezker abertzalea udal hauteskundeetara: «Tradizio historikoa zuen alderdi bat zen, legezkoa, eta uste dut botere judizialari kontraesanak sortu genizkiola». Pueyok aitortu du, halere, haien zerrenda legez kanpo utziko zutela pentsatuta aurkeztu zela zerrendaburu: «1980ko hamarkadan Faltzesko plataforma ezkertiar abertzale bateko kidea izana nintzen, 1990eko hamarkadan Herri Batasuneko zinegotzia Iruñean, Euskal Herritarrok-eko parlamentari gero, eta orduan ANVn nengoen. [Yolanda] Barcinak [alkateak] osoko bilkura guztietan gogorarazten zidan».

Iruñeko EAE-ANVren zerrenda legeztatu egin zuten, ordea: «Harrigarriki, Euskal Herrian hiriburu bakarra izan zen». Pueyoren ustez, kalkulu politikoengatik: «Zerrenda batzuk legez kanporatuak izan ziren, eta beste batzuk ez, irizpide eta lege berarekin. Horrek bulkada politikoei erantzuten zien: balorazio politikoak egin zituzten, leku bakoitzean zer behar zuten, horren araberako etekin politikoak ateratzeko».

Etengabe baztertuta

Legeztatuak izateak ez zien legealdi normalizatu bat egiteko aukerarik eman, ordea. Pueyok oroitu du, hain zuzen, gainerako alderdiek baztertu egiten zituztela, arlo guzietan: «Egiten genituen proposamenak ez zituzten sekula onartzen, eta, are, batzuetan ikusten genuen nola guk lehendik egin eta haiek atzera botatako proposamenak ondoren beste alderdi batek proposatzen zituen eta onartu egiten ziren». Zaila suertatu zitzaion hori: «Ez da batere atsegina ikustea lau urtez saiatzen ari zarela proposamenak egiten, eta bulegoetan ere alderdiekin negoziatzen saiatzen, baina ikusten duzu ate guztiak itxi egiten zaizkizula». Komunikabideetan ere ez zieten kasurik egiten: «Oharrak-eta bidaltzen genizkien, baina ez ziren inoiz prentsaurrekoetara etortzen, ez genuen tertulietan parte hartzen... Ikusezin nahi gintuzten».

Gogorrena, halere, Baltasar Garzon epaileak EAE-ANV legez kanporatu zuenean bizi izan zuten Pueyok eta harekin batera zinegotzi zebilen Mikel Gastesik: «Sententzia batean ezarri zuten talde bezala desegin egin behar gintuztela». Horrek diruztatzean eta batzordeen parte hartzean eragin zien, baina ez bakarrik: «Udal bulegotik kanporatu eta fotokopiagailua zegoen gelan utzi gintuzten. Gogoratzea ere gogorra zait». Batzar garrantzitsu bat zeukaten justu, gainera: Hiriaren Egoerari buruzko Osoko Bilkura. «Barcina mintzatu zen, eta ondoren taldeek erantzun behar genuen. Baina ez genuen ez ordenagailurik, ez boligraforik... Ezer ere ez. Asko haserretu ginen, eta bilkuratik alde egin genuen. Korridorean eseri ginen, ez baikeneukan beste lekurik! Oraindik ez gintuzten fotokopiagailuaren gelara eraman». Dolu du ezein taldek ez ziela lagundu, ezta Nafarroa Baik ere, nahiz eta karrikan batzuek elkartasuna adierazi: «Faltan izan nuen babes irmoago bat. Ezin duzu kanporatu herritarren parte garrantzitsu bat parte hartze politikotik». 1990eko hamarkadan zinegotzi izan zenean baino bazterketa handiagoa sentitu zuen, baita «frankismoan baino errepresio gogorragoa» ere: «Normalizatuta zegoen merezi genuena jasotzen genuela».

BOB EDME

Aurore Martin. Ipar Euskal Herrian Batasuna legezko izanik ere, antzera bizi zituzten errepresioa eta zailtasunak. Martinentzat, bat, nagusia: nazio mailan funtzionatu ezina.

«Hegoaldeko problema gurea zen»

Horrek ekar zitzakeen «ondorioak» irudikatu ere egin gabe hasi zen militatzen Aurore Martin (Maule, Zuberoa, 1979). «Hasten nintzen, eta kontziente ilegalizazio prozedura bat bazela, justu ber momentuan, baina nire inozentzia eta gaztetasun guztiarekin». Gaur egun oraindik pairatzen ditu «ondorio» horiek, ordea: oraindik blokeatua du kontu korrontea —2008an atxilotu zuten lehen aldiz, Laurence Le Vert epailearen aginduz, eta prozedura horretako «lege hutsune» baten ondorioz dago horrela—. Duela guti bukatu zaio Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra, halaber: 04/08 makroepaiketan ezarritako espetxe zigorrarena —akordioa lortuta, ez ziren kartzelan sartu—.

Martinen izena, ordea, haren aurkako euroaginduagatik eta horren kontra sortu zen mugimendu «zabalagatik» da bereziki ezaguna: 2011n «desagertzea» erabaki zuen, eta 2012ko azaroan atxilotu eta Espainiaratu zuten azkenean. Handik hilabetera gelditu zen aske, 15.000 euro ordainduta.

Errepresioak biziki markatu du haren ibilbidea, baina legez kanporatzeak bertze arazo nagusi bat ekarri zuen, haren ustez: «Nazionalki funtzionatzea ezinezkoa bilakatu zen». Eta, preseski, horrek bultzatua zuen politikara Martin: «Batasunarekin nuen ilusioa zen nazio ikuspegia, nazio eraikuntza...». Legez kanporatzeak «praktikan» zaildu zuen hori, eta, beraz, Ipar Euskal Herrian legezkoa izan arren, ez du uste arazoa bereiz daitekeenik: «Hegoaldeko problema gurea zen».

Haren euroaginduarekiko Ipar Euskal Herriko zenbait pertsonaren ikuspegiak ere trabatzen du, alde horretatik: «Gehiengoaren baitan frantses bat nintzen». Gogoan du garai berean Segiko zortzi kidek itxialdia hasi zutela Izpuran (Nafarroa Beherea), Espainiaratu nahi zituztelako: «Nik ez nuen inondik ere nahi desberdintasunik horien eta nire artean». Pozez hartu zuen ezker abertzalearen legeztatzea orduan, baina «uzkur» segitzen du, halere: «Guretzat zailena izanen da justiziari berriz konfiantza ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.