Mendia

Juanito Oiarzabal Nepalen harrapatuta gelditu da

Herrialdeak hartu dituen osasun neurriak direla eta, ezin da handik irten: bertan behera utzi dituzte hegaldiak. Alex Txikon ere inguru horretan harrapatuta dago.

Juanito Oiartzabal, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO
2021eko maiatzaren 12a
14:43
Entzun

Nepalen harrapatuta dago Juanito Oiarzabal mendizale gasteiztarra, Katmandu inguruan. Apirilaren erdialdean joan zen hara, bere bizitzari buruzko ikus-entzunezko bat grabatzera, baina Nepalgo Gobernuak pandemiari lotuta hartutako neurrien ondorioz, herrialdetik irten ezinda gelditu da. Inguru horretan atzemandako positiboen datuak gora egin du azken egunotan, eta salbuespen neurri gisa itxi dute: bertan behera utzi dituzte nazioarteko hegaldi guztiak, eta gutxienez maiatzaren amaierara arte edukiko dute neurri hori indarrean.

Hala, handik irten eta Euskal Herrira itzultzeko laguntza eskatu du mendizaleak, eta «berehala» esku hartzea galdegin die Espainiako agintariei. Arantxa Gonzalez Laia Espainiako Gobernuko Atzerri Ministroak bide horretan direla adierazi du sare sozialen bitartez, eta beharrezko kontaktuak egiten hasiak direla. «Nepalgo eta Indiako agintariekin lanean ari gara etxera itzultzen laguntzeko», adierazi du, eta pazientzia eskatu die Nepalen harrapatuta dauden alpinistei. Oiarzabalen kasuan, Sebastian Alvaro madrildarrarekin batera dago bertan, Everest, Cho Oyu, Makalu eta Lotse inguruan trekking bat egiteko asmoz joan baitziren hara.

Alex Txikon ere han

Oiarzabalez gain, han dira beste hainbat eta hainbat mendizale eta alpinista euskaldun ere. Alex Txikon mendizaleak, adibidez, bertan behera utzi ditu Everest igotzeko zituen asmoak, inguru horietan koronabirusaren izurriak izan duen hedapen zabalarengatik. Azken bi gauetan bigarren kanpamentua behar berezietara moldatu eta mendi inguru horretako osasun egoera zein den aztertu ondoren hartu dute erabaki hori. Mendizalearekin batera, bere espedizioko kide diren Sendoa Elejalde argazkilariak eta Iñaki Makazaga kazetariak ere alde batera utzi dute Everestera igotzeko plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.