Lan gatazak

«Hemen inor ez dago soberan»

Lan gatazka ezberdinetan murgildutako langileek «enplegu duina» aldarrikatu dute Bilbon eginiko manifestazio jendetsuan. Tubacexekoek, ITP Castingekoek, Bilboko Argiakoek, Petronorrekoek, Novaltiakoek eta H&Mkoek egin dute bat kalean

Bilboko kaleak gurutzatu dituen manifestazioko pankarta. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 28a
17:04
Entzun

«Hemen ez dago inor soberan» irakur zitekeen pankartan, eta hori izan da gatazka ezberdinetan murgildutako langileek ozenen oihukatu duten aldarria. Tubacexeko, ITP Aero Castingeko, Petronorreko eta Bilboko Argiak-eko langileek antolatu dute manifestazioa, eta H&Mko eta Novaltiako grebalariak gehitu zaizkie, besteak beste. Beraien lantokietako egoera salatzeaz gain, «enpleguaren defentsan» eta «etorkizun duin» baten eske atera dira kalera, eta langile mugimendua «oso bizirik» dagoela aldarrikatu dute.

Manifestazio oso jendetsua izan da gaur goizean Bilboko kaleak gurutzatu dituena. Lau zutabetan banatuta hasi da, eta Moyua plazan bat egin ondoren Jaurlaritzak Kale Nagusian duen bulegora abiatu dira. Ikusmin berezia sortu du Tubacexeko langileen hitzartzeak. Izan ere, enpresak iragan astean eskaintza bat egin zien: greba bertan behera uztea; Laudioko eta Amurrioko plantetan (Araba) egin nahi duen lan erregulazioa onartzea, 129 kaleratzeekin; eta trukean 2024ra arte lantaldea ez ukitzea. Erantzuteko epea astelehenean amaituko da. 

Tubacexeko langileak, tinko
Bada, azken orduko aldaketarik ezean, langile batzordeak erantzun garbia eman dio enpresari: «Tubacexen har daitekeen erabaki bakarra kaleratze guztiak bertan behera uztea da». Batzordearen iritziz, hodigintzaren krisia «behin-behinekoa» da, eta, ondorioz, «aldi baterako neurriekin» konpon daiteke. Langileek 107 egun daramatzate greban, eta ekainaren 20an eta 21ean epaituko dira erregulazioaren aurka jarritako helegiteak. 

Manifestazioaz haratago, Tubacexeko langileen eskaera Gasteizko legebiltzarrera ere iritsi da. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskaera bat erregistratu dute enpresak kaleratuak berriz onar ditzan, «parlamentutik egoera jasanezin bati ondorio justua ematea bideragarria dela sinetsita». Langile batzordeak hainbatetan eskatu du erakundeen esku hartzea.

Petronorreko langileek, bestalde, enpresak onartu duen zortzi hilabeteko aldi baterako erregulazioa salatu dute. Haien ustez, «patronalek prekarizatzen jarraitu nahi dute irabaziak puzteko». Antolatuta daudela eta erantzuteko ahalmena dutela erantzun dute. Manifestazioa Kutxabanken egoitza nagusitik pasatu denean, eskutitz bat utzi dute bertan. Bankua Petronorreko akziodun da, eta hari gogoratu diote «bezero dituen horiek» sartu nahi dituztela erregulazioan.

Bilboko Argiak-eko langileei dagokionez, 32 egun daramatzate greban kaleratzeak eta lan baldintzak salatzeko. Bilboko kaleetako argien mantenua egiten duen enpresako langileak dira, eta udal agintarien aldetik «mehatxuak, irainak, eta ezinikusia» baino ez dutela jaso esan dute. 

ITP Castingeko langileak ere irten dira kalera. Epaileak enpresak egin asmo zuen erregulazioa indargabetu zuen, baina langile horiek txandetan noiz sartuko zain jarraitzen dute. Deitzaileen artean ez egon arren, Novaltiako langileek gogoratu dute 600 egun daramatzatela greban, eta H&Mkoek, greba mugagabean. Enpresak publikoki esan du Hego Euskal Herriko hainbat denda ixteko asmoa duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.