Saskibaloia

Bukatu zaio denboraldia Baskoniari

ACB ligako final-laurdenetako kanporaketan geratu da, Valentziaren aurka hirugarren partida erabakigarria galdu eta gero (78-73). Azkenera bakarrik suspertu da taldea, baina azkeneko minutuan ez du saskiratzerik sartu.

jarraia198715.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 5a
00:31
Entzun

Borrokarako eta lehiarako gaitasunak ere ez dio balio izan Baskoniari Valentzian. Jokoak eman ez diona beste kupela batzuetatik ateratzen saiatu da Dusko Ivanovicen taldea, baina ezin izan du irabazi, eta oporretan da taldea. Bukatu zaio denboraldia. ACB ligako final-laurdenetako hirugarren partida erabakigarriak eman dio akabera sasoiari.

Irabazi beste aukerarik ez zuen taldeak, baina azken laurdenaren hasieran eta bukaerako bi minutuetan soilik izan zuen aurkaria harrapatzeko edo pasatzeko aukera. Baina ez zuen asmatu bi une jakin horietan. Kale egin zuen aurrenekoan, eta bigarrengoan, kale egiteaz gain, epaileek ere behartu egin zuten horretara. Orduan izan zuen aurretik jartzeko aukera, 0-2koaren eta 2-4koaren ondotik lehendabiziko aldiz. 1.20 minutu falta ziren Fonteta pabilioiko partida amaitzeko, eta 75-73 zen emaitza. Pierria Henry zen baloiaren jabe. Barneraldia egin zuen, falta garbia egin zion Sam Van Rossomek, baina ez zuten adierazi epaileek. Bonusean zenez etxeko taldea, bi jaurtiketa libre izango zituen Henryk, baina sake normal bat egin behar izan zuen Baskoniak. Ez zuten asmatu eraso horretan, ezta Valentziak ere hiruko batekin ondorengoan. Beste aukera bat zuten Ivanovicenek berdindu edo aurrea hartzeko, baina Giedraitisen hirukoa ez zen sartu. 44 segundo falta ziren. Kalinicek bai asmatu segituan, eta 77-73 jarri zuen Valentzia aurretik. Baskoniak kale egin zuen berriz, Henryren hirukoak saskia ukitu gabe, eta Kalinicek berriz asmatu zuen bi jaurtiketa libreetako batean: 78-73, eta segundoak falta. Zama hori dena gutxi ez, eta Henryk baloia galdu zuen taldearen pista erdian. Kito partida. Kito denboraldia.

Azkeneko laurdenean bizitu zen taldea, eta Valentziari aurreneko abisua bigarren minuturako eman zion, 63-60 jarri zenean. Baina lau erasotan segidan egin zuen, eta etxeko taldeak aldea zabaldu zion: 68-60. Horrelakoa eta hamar-hamabi puntukoak izan zituen lehenagotik. Baskonia baino hobea izan zelako ia arlo guztietan hasieratik. Lehen zatiak ez zuen gauza onik iragarri: ahul zebilen Baskonia defentsan, Valentziari saskipean saskiratze errazak egiteko aukera guztiak emanez, erasoan baloi asko galtzen ari zen, eta gainera, asmatu ezinda zebilen hirukoetan. Ondorioa: atsedenaldiko emaitza (43-34). Datuak beldurgarriak ziren Baskoniaren kalterako: bederatzi baloi zeuzkan galduta, eta Valentziak 14 puntu sartu zituen baloi galtze horiek baliatuz; jaurtiketetan %27 baino ez zuen asmatu (aurkariak %60); eta erreboteetan bat bakarrik zeukan gehiago Ivanovicen taldeak.

Suspertu beharra zeukan Baskoniak hirugarren laurdenean, baina zeharo hasiera eskasa eman zion laurden horri: hiru baloi galdu zituen aurreneko hiru erasoetan. Valentziak, aldiz, ondo segitzen zuen bere lanean, eta azkenera bakarrik estutu zuen pixka bat Baskoniak, Petersek ia zelai erditik azken segundoan sarturiko hirukoarekin (59-53).

Esnaldia azkeneko laurdenean iritsi zen, baina sasoiko azkeneko saialdia izan zen. Alferrik izan zitzaion azkeneko bi laurdenak irabaztea, aurretik egindakoak kondenatu zuelako, eta azken unean asmatu ezinak (epaileena ahaztu gabe). Atzo, Baskoniako saskiratzaile onena Zoran Dragic izan zen (16 puntu). Partidako abilenak, Kalinicek, 18 sartu zituen.

Pandemiaren denboraldi honetan, Baskonia finalerdietara heldu da Espainiako Kopan, ez du Top 8a harrapatu Euroligan, eta ACBko emaitza atzo geratu zen idatzita betiko. Ivanovicen Baskoniak beti izan duen nortasuna erakutsi du taldeak, eta ona izan da jokalari askoren maila. Jokoa ere bai hainbat partidatan. Zaleak taldea ikusteko gogoz geratu dira, eta ematen du betirako joango zaiela aukera hori. Beste askotan bezala, Baskonia eraberritu bat azalduko da datorren denboraldian. Orain hasiko da jokalari dantza (Luca Vildoza NBA joan izana duela zenbait aste aparte lagata).

Dantza egin nahi ez duena Ivanovic da. Ez dantza eta ez hanka. Atzo garbi adierazi zuen Baskonian jarraitu nahi duela datorren denboraldian. Partida ondorengo agerraldian, jokalarientzat hitz gozoak eta esker onekoak izan zituen: "Esan diet plazera izan dela niretzat haiekin lan egitea. Lan ona egin dugu, jokatu ere bai. Ez dugu lortu ligako finalerdietara eta Euroligako Top 8ra sailkatzea, baina jokalariek dena eman dute. Oso partida onak jokatu ditugu, eta eskerrak eman behar dizkiet, lana oso ondo egin dutelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.