ETXEBIZITZA

Bi urtez jarraian hutsik dauden etxebizitzei tasa bat ezarriko die Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 15.000 etxebizitza hutsi eragin diezaieke. Dekretuan, salbuespen batzuk ezarri dira: adibidez, bigarren etxebizitzak edo hainbat arrazoigatik aldi baterako etxebizitza aldaketak.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio bat Donostian, joan den martxoan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 8a
13:57
Entzun

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hutsik dauden etxebizitzei tasa bat ezarri ahal izango zaie. Hori jaso du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuak. Etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko 10 eurokoa izango da kanona, lehen urtean, eta %10 handituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko. Etxebizitzaren funtzio soziala «bermatzea» helburu du dekretuak, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren esanetan.

Eusko Legebiltzarrak 2015 ekainean onartutako Etxebizitza Legea garatu du dekretuak. Jaurlaritzak gobernu kontseiluan onartu du dekretua, eta, Arriolak ondoren egindako agerraldian adierazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15.000 bat etxebizitzari eragiten diezaieke. Dekretuak dioenez, etxebizitza huts gisa hartuko da bizileku bezala erabil daitekeen egunetik aurrerako bi urteetan etengabe hutsik dagoena. Arautegi berriak zehazten du zein den etxebizitza bat hutsik dagoela esateko prozedura.

Salbuespenak

Dena dela, «justifikatutako» salbuespenak jaso ditu araudi berriak: bigarren etxebizitzak; lanagatik, osasunagatik, mendekotasunagatik eta larrialdi sozialagatik egindako aldi baterako bizileku aldaketak; eta gutxienez hiru hilabeteko epean merkatuko prezioan salgai edo alokagai jarritako etxebizitzak.

Salbuetsi dituzte, gainera, administrazioei, babestuta aloka ditzaten utzitako etxebizitzak; irabazi asmorik gabeko elkarteek migratzaileak, desgaituak edo genero indarkeriaren biktimak hartzeko erabilitakoak; eta zaharberrituak izaten ari direnak edo gutxieneko biziegokitasun baldintzak betetzeko ez dituztenak.

Udalak arduratuko dira etxebizitzak hutsik daudela egiaztatzeaz, eta ikuskaritzak egingo dituzte: izan errolda baieztatuz, edo uraren, gasaren eta argindarraren kontsumo txikiak identifikatuz, dekretuak dioenez. Nolanahi ere, lan horiek Jaurlaritzak hartu ahal izango ditu subsidiarioki.

Udalei eskaera

Kaleratzeak Stop plataformak kanpaina bat abiatuko du udalak inplikatzeko asmoz. Haren esanetan, udalek dute bi urtetik gora hutsik dauden etxebizitzak erregistroan sartzeko ahalmena, eta hori egin ezean, «ezingo da kanona ezarri edo alokatzera behartu». Horregatik, arlo horretan ezer egiten ez duten udalak ordezkatu eta herri horietan zuzenean esku hartzeko exijitu dio Jaurlaritzari.

Izan ere, dekretuaren arabera, udalek behartu dezakete jabe bat bere etxebizitza alokatzera. Horretarako, hasteko, beharrezkoa da etxebizitzaren gunea eskari handiko eremu gisa izendatzea, eta bertan etxebizitza premia egotea. Etxebizitza sailburuak izendatuko ditu eremu jakin horiek, bai udalek beraiek eskatuta, bai ofizioz. Urtebetera hutsik jarraitzen duten etxebizitzetako jabeei alokatzera behartu ahal izango dituzte, eta gehienez bost urtez alokairu publikoan edukitzera derrigortuko, era berean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.