Garraioa

EAEko Auzitegiak baliogabetu egin du Uberren jarduera mugatzen duen dekretuaren zati bat

Gehiegizkotzat jo du kontratazioa egin eta zerbitzua hasi artean ordu erdiko tartea izatera derrigortzea.

Bilboko taxilari baten protesta, auto gidaridun zerbitzua eskaintzen duten plataformen aurka. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 11
11:00
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak neurri batean arrazoia eman dio Uber auto gidaridun zerbitzua ematen duen enpresari, eta bertan behera utzi ditu zerbitzu hori arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren bi puntu: zerbitzua eskatu eta aktibatu arteko 30 minutuko itxarote-tarteko obligazioa eta geolokalizazioaren berri emateko debekua.

Hego Euskal Herrian 2019ko udazkenean hasi ziren ematen auto gidaridunen zerbitzua plataforma digitalen bidez, Bilbon bereziki. Taxilarien kexei erantzunez, Jaurlaritzak dekretu bat egin zuen, eta horren kontra helegitea jarri zuen Uberrek EAEko Auzitegi Nagusian.

Dekretua onartu aurretik, baina, Lehiaren Euskal Agintaritzak arauaren kontrako txosten bat igorri zion Jaurlaritzari, esanez bertan jasotzen diren neurriak baztertzaileak eta murriztaileak zirela. Tartean, gehiegizkotzat jo zuen kontratazioa egin eta zerbitzua hasi artean ordu erdiko tartea izatera derrigortzea. Batzordearen arabera, neurriek merkatuaren lehia mugatzen zuten, eta erabiltzaileak kaltetzen zituzten. Dena den, Jaurlaritzak dekretuarekin aurrera jarraitu zuen, eta 2020aren hasieran indarrean sartu zuen.

Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak gauza bera adierazi dio Jaurlaritzari, eta araudiaren bi puntu indargabetu ditu.

30 minutuko tarteari dagokionez, argudiatu du zerbitzu gehienak distantzia laburrekoak direla, eta bidaiariek berehala erabiltzekoa. Hala, azpimarratu du Uberreko autoak kaltetuak izango liratekeela ohiko taxien aldean. «Gutxienez 30 minutu itxaron behar bada, eta taxi zerbitzua erabiltzeko itxaron beharrik ez bada, auto gidarudunak merkatuan sartzeko dituzten aukerak oso mugatuak izango lirateke, eta praktikan enpresa askatasunaren printzipioa garatzeko oztopo bat dela esan daiteke», dio ebazpenak.

Geolikalizazioaren debekuari dagokionez, auzitegiak uste du murrizketa hori ez dagoela behar bezala justifikatuta. Azaldu du ez dagoela auto gidaridunentzako geltokirik edo ezin direla ibilgailu horiek gelditu zirkulatzen ari bitartean, eta geolokalizazioa bezeroentzako tresna erabilgarria dela, zerbitzua aldez aurretik kontratatu behar delako aplikazio baten bidez.

EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurka helegitea jar dezake Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.