INDARKERIA MATXISTA

Bikotekideari eraso egitea egotzita, gizon bat atxilotu dute Basaurin

Urruntze agindua zuen. Biktima haurdun dago.

Basauri (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2021eko ekainaren 12a
19:32
Entzun

24 urteko gizonezko bat kartzelatu dute gaur, Basaurin (Bizkaia), atzo bikotekideari labana batekin eraso egiteagatik. Espetxeratuak bikotekidearekiko urruntze agindua du, mehatxuengatik. Erasotzaileak hainbat ebaki egin zizkion esku batean biktimari, eta hura ospitale batean artatu behar izan zuten. Homizidio-saiakera delitua egotzi diote erasotzaileari.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren informazioak dioenez, 23:15 inguruan gertatu zen erasoa, atzo, Basozelai auzoan. Biktimaren lekukotzaren arabera, etxera iritsi zenean bikotekidea barruan zegoen, nahiz eta urruntze agindua eduki. Eztabaidatzen hasi ziren, eta emakumezkoaren senide bat agertu zen etxean, bazirelako egun batzuk ez zuela haren berri. Halako batean, sukaldeko labana bat hartu zuen gizonezkoak, eta bikotekideari eraso egin zion.

Apur bat geroago, etxebizitzatik alde egin zuen erasotzaileak. Ertzaintzara deitu zuen biktimak, eta gizonezkoa Berrizen (Bizkaia) atxilotu zuten, bere etxean. Biktimaren esanetan, gizonezkoak behin eta berriz urratzen zuen urruntze agindua, eta heriotza mehatxua egiten zion bai berari, bai bere alabari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.