Herbehereak 3-2 Ukraina

Laranjak nagusitu dira, zirrara handiko partidan

Eurokopako taldeko bigarren jarri dira herbeheretarrak, Austriaren atzetik, horiek Ipar Mazedonia garaitu ostean.

Herbeheretako Denzel Dumfries borrokan Ukrainako Vitalii Mikolenkorekin, partidaren une batean. DEAN MOUHTAROPOULOUS / POOL / EFE
2021eko ekainaren 14a
07:40
Entzun

Partida zirraragarria egin dute Johan Cruyff Arenan. Bost gol egin dituzte bigarren zatian. 2-0 aurreratu ziren herbeheretarrak, baina ukrainarrek lortu zuten berdintzea. Azkenean, 85. minutuan sartu zuen talde laranjak partida erabaki zuen gola. Emaitzarekin, euren taldeko bigarren jarri dira herbeheretarrak, Austriaren atzetik. Izan ere, austriarrek 3-1 irabazi zioten Ipar Mazedoniari. Ukrainarrak hirugarren dira.

Herbehereetako selekzioak etxean jokatu zuen, Amsterdamen, eta nagusi izan ziren.

Bizi hasi zen partida, eta Memphis Depay aurrelari laranja eta Ukrainiako atezain Georgiy Bushchan izan ziren protagonistak. Pilota herbeheretarrena izan zen lehen zatiaren %60an. Halere, golik gabe amaitu ziren lehenengo 45 minutuak.

Estraineko gola bigarren zatiaren 7. minutuan heldu zen, eta, Bushchan atezainak hasieran baloia urrutiratzea lortu bazuen ere, Georginio Wijnaldumen ez zuen barkatu arearen mugatik. Herbeheretarren partidako 11. jaurtiketa izan zen. Baina atea zabaldu zuen horrek, sei minutu geroago bigarren gola heldu zelako, Wout Weghorsten bidez.

Bi huts, eta hor ematen zuen partida erabakita geratuko zela. Baina ukrainarrak berpiztu egin zituen Andrii Yarmolenkoren golak. Eta laranjei gertatu bezala, bigarren gola berehala egin zuten ukrainarrek, bi minutura. Roman
Jaremtxukek sartu zuen buruz.

Azkenean, beste burukada batek erabaki zuen partida: Denzel Dumfriesek sartu zuen.

Poz handia ekarri die herbeheretarrei garaipenak, ez zutelako nazioarteko txapelketa handi batean parte hartzen 2014. urtetik, Brasilgo Munduko Txapelketatik.

Ostegunean berriz jokatuko dute laranjek, Austriaren kontra, hau da taldeko nagusiekin, berriz ere Amsterdamen. Egun berean arituko dira Ukraina eta Ipar Mazedonia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.