Josu Urrutikoetxearen kontrako epaiketa atzeratzeko eskatu dute abokatuek

Gaur eta bihar epaitu behar dute Josu Urrutikoetxea. 2011 eta 2013 artean ETAko kide izan zelakoan, gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatzen dio Frantziako Justiziak.

jarraia199162.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 15a
10:46
Entzun

Gaur eta bihar epaituko dute Josu Urrutikoetxea, Parisko Zigor Auzitegian, 2011 eta 2013 artean ETAko kide izan zelakoan. «Helburu terrorista» zuen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatzen dio Frantziako Justiziak. Nazioarteko 375 eragileren babesa jaso du Urrutikoetxeak, eta, bake negoziazioetan izan zuen parte hartzea argudiatuta, ETA zeneko kide historikoa babesteko eskatu diote Frantziari. Hiru lekukok parte hartuko dute Urrutikoetxearen defentsan: Philippe Texier ohorezko magistratuak, Michel Wievorka soziologoak eta Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak.

Prozeduraren gorabeherak eta irregulartasunak argudiatuta, epaiketa atzeratzeko eskatu dute defentsaren abokatuek, baina epaileak ez du onartu, etaerran du epaiketaren erabakian erantzunen diela defentsak azpimarratutako arazoei. Haserre, abokatuek erantzun dute abokatu buru lehenarengana joko dutela, epaitegiaren inpartzialtasuna salatzeko. Horretarako, hogei minutuko etena onartu du epaileak.

Dudouetek jasotako zitazioak eragin du lehen eztabaida. Terrorismoaren kontrako fiskaltzak dio zitazioa bidali ziotela, eta hark jaso izana izenpetu zuela, baina Dudouetek ukatu egin du izenpetu izana. Laure Heinich abokatuak erran du sinadura horren inguruan dauden «alde ilunak» argitu behar direla, epaiketa baldintza onetan iragan ahal izateko.

Horrez gain, prozedurak hasieratik izandako gorabeherak eta irregulartasunak zerrendatu ditu Laurent Pasquet-Marinaccek. Ohartarazi du 2019ko maiatzean Urrutikoetxea atxilotu zutenetik hiru aldiz atzeratua izan dela epaiketa. Urrian iragatekoa zen epaiketa aipatu du: 2011-2013 epean ETAko kide izatea leporatzen zioten Urrutikoetxeari, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan. «Dosierrean ez zegoen elementu bakar bat ere Urrutikoetxea lurralde horretan kokatzen zuenik», adierazi du. «Ikuspegi legalista batetik, errugabe jo beharko zenuen, eta segur naiz hala eginen zenuela. Baina afera berriz instrukziora bidaltzea erabaki zenuen», egotzi dio epaileari. «Sei urte beranduago, fiskaltzak oraindik ez daki zergatik auzipetu nahi duten Urrutikoetxea»

Dosierrean diren elementu guziek gauza bera baieztatzen dute, Pasquet-Marinacceren hitzetan: 2006tik Ariegen zegoen, eta 2011-2013 artean falta izan zen. 2006tik aitzina Urrutikoetxeak ETArekin harremanak hautsiak zituela ere baieztatu du Pasquet-Marinaccek. Poliziaren txosten bat aipatu du, 2006ko Barajasko atentatua aitzin ETAko zuzendaritzak Urrutikoetxea baztertu zuela dioena. Prozeduran izandako irregulartasunak eta Urrutikoetxeak instrukzioan izandako «tratua» aipatu ditu, eta ohartarazi du orain arte Urrutikoetxea behin ere ez dela entzuna izan. Alta, behin baino gehiagotan eskatu du, eta prest agertu da instrukzio epailearen aitzinean mintzatzeko.

Justiziaren printzipio handiak aipatzen ari badira ere, afera osoki politikoa dela nabarmendu du Pasquet-Marinaccek: «Garai horretan bake elkarrizketetan parte hartzen ari zen Norvegian. Badirudi inork ez duela horretaz mintzatu nahi», erran du. «Oslora ez zen igerian joan; hegazkinez joan zen. Babestua eta lagundua izan da, Frantziako autoritateengandik. Bi telefono zenbaki zituen, horietako bat Lambert prefetarena, garaiko presidentearen kolaboratzailea. Nahi duzu 06 zenbakia? Oraindik badugu».

Bi prozedura Frantzian

2017an epaitu zuten lehen aldiz prozedura honetan, bera presente izan gabe, eta zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion epaitegiak, 2011-2013an ETAren zuzendaritzako partaide izatea egotzita; epaiak zekarrenez, «nagusitasunezko posizioa» zeukan, «ez soilik talde politikoan». 2019ko maiatzean atxilotu ondoren, epaiketa berriro egiteko eskatzeko eskubidea zeukan, eta baliatu zuen. Ordutik, behin baino gehiagotan gibelatu dute, prozedura akatsak direla medio. Iazko azaroan, auzia berriz instrukziora bidaltzea erabaki zuen epaileak.

Beste prozedura bat ere badu Urrutikoetxeak, Parisko Dei Auzitegian, 2005-2006ko prozesuarekin lotuta. Iazko azaroan egitekoa zen epaiketa hori ere, baina atzeratzea erabaki zuten, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar zezakeelakoan. 2010ean egin zioten lehen epaiketa, sasian zela, etakidetzat jota eta ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko 2002-2005 artean ETArekin harremanak izatea leporatuta.

Horrez gain, Urrutikoetxeak bi auzi ditu zabalik Madrilen: Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko atentatuarena (1987) eta herriko tabernena. Espainiak Madrilgo Barajas aireportuko atentatuagatik (2006) ere epaitu nahi du, baina Parisek iaz atzera bota zuen Barajasko auziaren euroagindu eskaera, zehaztasunik eza argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.