Sexu abusuak

Iruñeko artzapezpikuak barkamena eskatu du El Puy ikastetxeko sexu abusuengatik

Nafarroako elizaren izenean egin du barkamen eskaera. Lizarrako ikastetxe horretan gertatutako sexu abusuen gaineko ikerketa aurkeztu du Nafarroako Artzapezpikutzak.

Agerraldiaren une bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 29a
11:30
Entzun

Lizarrako El Puy ikastetxean gertatutako sexu abusuen gaineko ikerketa aurkeztu du gaur goizean Nafarroako Artzapezpikutzak, eta Francisco Perez gotzainak barkamena eskatu du Nafarroako Elizaren izenean: «Jakin badakit berandu gabiltzala, baina gure asmoa da lehen baino hobe jardutea, eta barkamena eskatu nahi dut, horrek eragin izan dezakeen sufrimenduagatik».

Frantzisko aita santuaren hitzak gogora ekarri ditu gotzainak: «Erakundeen izen onari pisu gehiegi emateak porrot pertsonal eta historikora darama».

Biktimen sufrimendua «bere» egiten duela esan du Perezek: «Barkamena eskatzen diet, ordezkatzen dudan erakundearen izenean, El Puy eskolako abusuak salatu zituztenei, abusu fisiko edo sexualen zantzuak atzeman baziren, horiek bere garaian ikertu beharra zegoelako».

Bilera pribatua eskaini dio gotzainak biktimei. Datorren ostegunean izanen da, 11:00etan.

Agerraldian, El Puy ikastetxeko kasuez gaineko abusuez galdetu diote artzapezpikuari. Maite Quintana ikerketa batzordeko buruak erantzun du haren ordez: «Gotzain batek ezin du ordena erlijioso baten gaineko eraginik. Prozedura halakoa da, eta ordena horiek beren ikerketa propioa egin beharko dute».

Alegia, Quintanaren esanetan, eskola ez baldin badago Artzapezpikutzaren menpe, baizik eta ordena erlijioso zehatz baten menpe, gotzainak ezin du ikerketarik abiarazi: «Ez da gure eskuduntza».

Ikerketa zabalagoa ez izatearen erantzukizuna gainetik kendu du Quintanak: «Biktima askok ez dute salaketarik jarri nahi, tabu bat delako».

Perez gotzainak gaineratu duenez, biktimek eskatu diete barkamena eskatzeko. «Nik egin dut umiltasun osoz, eta espero dut eurek onartzea. Urratsak falta dira, noski». Quintanak gaineratu du prebentzioan lan egin nahi dutela: prozedurak, ebaluazioak, auditoriak...

Quintanak zehaztu duenez, elizgizon batek eginiko abusuak salatu dituzte 8 biktimak. Horrez gain, beste bi helduren salaketa dago, senide baten abusuengatik aholkularitza eskatu zuen pertsona bat, eta adingabe baten jazarpena salatu duten gurasoak.

Alfredo Irujok ikerketa batzordeko kideak esan du salaketa jarri zutenekin batzartu direla, eta baita lekuko izandako ikasle ohiekin ere. Edonola ere «ustezko abusuak» esamoldea erabili du etengabe. «Salaketek sinesgarritasuna dutela aitortu arren, gotzainen txostenean nabarmendu dute ezin dela erruduntasunik ezarri, zigor prozesutik harago».

Gaineratu du ezin dela frogatu gertatutakoa «ezkutatzeko nahia» izan zenik. Hala ere, biktimek «barkamen eskea» merezi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.