FRANTZIAKO TOURRA

25 urte Indurainen gainbehera hasi zenetik

Gaur bete dira 25 urte Indurainek Les Arcs-era bidean txakalaldia eduki zuenetik eta Tourra seigarrenez irabazteko aukerari agur esan behar izan zionetik.

Indurain, atzean Rominger, Zuelle, Berzin eta Escartin dituela, Les Arcs-en txakalaldia izan baino minutu batzuk lehenago. MOVISTAR TEAM
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 5a
17:15
Entzun

Orduan pentsaezina zen zerbait gertatu zen 1996ko uztailaren 6an, duela 25 urte gaurko egunez, Les Arcs-eko eski estaziorako bidean (Frantzia), Frantziako Alpeetan: Miguel Indurainek ezin izan zion eutsi bere kontrarioek aldapa ez hain tentean gora jarritako erritmoari, eta lauzpabost kilometro geroago, helmugan, hiru minututik gorako aldea atera zioten Tony Romingerrek, Abraham Olanok, Richard Virenquek, Bjarne Riisek eta Jan Ullrichek, esaterako. Ia-ia agur esan zion Frantziako Tourra seigarrenez irabazteko aukerari —artean inork lortu gabeko balentria—, eta bere gainbehera hasi zen. Espainiako Vueltan parte hartu zuen gero Banesto bere taldeak behartuta, baina 13. etapan jaitsi zen bizikletatik, gaixo, Cangas de Onis (Asturias, Espainia) inguruan, Capitan izeneko hotelaren parean. Irailaren 20 hartan azkenekoz jarri zuen dortsal bat, eta hilabete batzuk geroago, 1997ko urtarrilaren 2an, erretiroa hartzen zuela iragarri zuen prentsa agerraldi batean. 32 urte zituen.

[youtube]https://youtu.be/YghSNciE2Ww[/youtube]

Atarrabiakoak (Nafarroa) pairatutako txakalaldi hark atentzioa eman zuen, orduan zaila zelako imajinatzen kontrarioek Indurain gurpiletik atera zezaketela. 1,88 metro zen luze, eta 78 kilo pisatzen zituen puntuan zegoenean; alegia ez zuela inondik ere igotzaile gorpuzkera. Igotzaile onenaren pare ibiltzen zen, ordea, sasoiko zegoenean. Eta, ustez, sasoiko heldu zen Tour haren hasierara, Bolduquera (Herbehereak): aste bakan batzuk lehenago Dauphine Libere eta Euskal Bizikleta ondo irabazita. Ez zegoen motiborik pentsatzeko Indurainek ez zuela Tourra seigarrenez jarraian irabaziko.

Baina aurreko urteekin alderatuta, baziren gutxienez bi aldagai aintzat hartu beharrekoak 1996ko Tourreko mendiko lehen etapari, zazpigarrenari, ekin aurretik. Batetik, eguraldi oso txarra egin zuela aurreneko astean: euria eta hotza. Seigarren etapa bukatu ondoren txirrindulariek Aix-les-Bainseko helmugan mela-mela eginda zeudela esandakoak dira hauek: «katastrofikoa», «infernua», «beldurgarria». Indurain gusturago sentitzen zen beroarekin eta eguraldi lehorrarekin. Bestetik, aurreko urteetan ez bezala, mendiko lehen etapa heldu zela erlojupeko luze bat jokatu aurretik, eta nafarra, erlojupekoetan espezialista izanda, abantaila hartuta heldu ohi zen Alpeetara edo Pirinioetara. 1996an, aldiz, kasik aitzinetaparen ondorio zen sailkapen nagusia, Chambery-Les Arcs (200 km) etapa hasi aurretik.

San Fermin egun hartan ere euria goian behean egin zuen, eta, gainera, 2.000 metroko garaierara heldu ziren Madeleine eta Cormet de Roselend mendateetan. Hau da, txirrindulariek ederki berotuko zituzten gorputzak aldapa gora, baina jaitsiera luze eta hotzei ere aurre egin beharko zieten. Eta gehitu hoztutako gorputzei gisa horretako egunetan ziklistek behar bezala jateko eta edateko eduki ditzaketen zailtasunak.

Erorikoak, negar malkoak...

Alex Zuelle Indurainen kontrario handienetako bat ez zen trebeegia aldapa behera, eta bi aldiz erori zen Cormet de Roselend jaisten. Stephane Heulot sailkapen nagusiko lider zenak, bien bitartean, etsia hartuta egin zituen Roselandetik aurrerako kilometroak, behin faboritoen gurpiletik aterata. Negarrez hasi zen, eta bizikletatik ere jaitsi zen, baina, bere zuzendariak animatuta, lortu zuen helmugara iristea. Ez zen ohikoa halakoak ikustea. Ohikoena zen, ordea, Indurain faboritoen tropelean ikustea, eroso; sufritu ere ez zuela egiten ematen zuen.

Hasi ziren azken mendatea igotzen atera zela, eta helmugara iristeko lauzpabost kilometro falta zirenean Laurent Dufaux eta Luc Leblanc mugitu ziren, baita Rominger ere. Eta Indurainek ezin ziela eutsi. Harrigarria zen hura. Egarri denaren keinua egin zuen, bi aldiz. Eta saiatu arren, ezin mingainarekin txistu apur bat ere topatu oinazea, eldarnioa, arintzeko. Deshidratatuta zegoen. Etapa garaipena apur bat aurrerago ari ziren jokatzen, baina Indurain azaltzen zen telebistan: haren kalbarioa ikusi behar zen, haren gainbeheraren hasiera.

Arrastaka Parisera arte

«Kontrara egin nuen Tour guztia. Ezin nuen gorputza bere onera ekarri. Faboritoekin nengoen, baina ezin izan nien denborarik kendu», adierazi zuen Indurainek gerora, gertatu zena gogoratuz. Eta hala izan zen. Alpeetan beste bi etapa gelditzen ziren: kronoigoera bat eta Sestrieresekoa (Italia), eguraldi txarra medio moldatu egin behar izan zutena. Bietan nola edo hala moldatu zen: ez zuen denbora gehiegi galdu faboritoekiko, ez, baina ezin izan zituen atzean utzi. Nolanahi ere, inor ez zen ausartzen esatera Indurainek ezingo zionik egoerari bueltan eman.

Baina Pirinioetan argi geratu zen Indurain ez zegoela Tour hura irabazteko moduan, eta ez zituela hurrengo urteetakoak irabaziko. Hautacam gainean amaitzen zen 16. etapa; hain justu, uztailaren 16a zen, Indurainen urtebetetze eguna. Igoeraren erdi partean zirela, Riis liderraren taldekide Ullrichek erritmoa bizitu zuen, eta bateko ilaran jarri zuen faboritoen tropeltxoa. Alemaniarrak, 1997ko Tourra irabaziko zuenak, Indurain zuen gurpilean. Atzetik aurrera eginez, baina, eta dezenteko pendizeko maldetan plater handia jarrita, Riis agertu zen erritmoa bizitzeko, ahotik aparra zerion bitartean. Indurainek pare bat aldiz eutsi ahal izan zion bizikletaren heldulekuari behetik helduta, gutxitan bezala okertuta. Danimarkarra nafarrarekin jolasean ari zela zirudien. Eta hirugarren kolpean bai, orduan alde egin zuen eta garaile sartu zen helmugan.

[youtube]https://youtu.be/BqrwUnhSigo[/youtube]

«Guztia eman dut», esan zuen Indurainek helmugan. «Miguelek agur esan die Tour hau irabazteko aukerei, baina hor dira aurreko bost urteetako garaipenak», Eusebio Unzue Banestoko zuzendariak. Hurrengo egunean Iruñera heldu zen Tourra, eta bederatzi hilabete lehenago, ibilbidea aurkeztu zutenean, pentsa zitekeen Indurainek maillot horia jantziko zuela bere herrikideen aurrean. Oso litekeena zen. Baina ez zen hura gertatu, hasita zegoelako Indurainen gainbehera.

Indurain eta Riis podiumean, 1996ko Frantziako Tourra Iruñera heldu zenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.