Aurreikuspenak

Bilboko Ganbera, iragarle baikorrena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa aurten %6,8 igoko dela uste du. Laboral Kutxaren eta Jaurlaritzaren aurreikuspenak hobetu ditu, besteak beste.

Kargaontzi bat Bilboko portuan. Ganbera arduratuta agertu da hago jardunak izan duen beherakadarekin. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 14a
12:34
Entzun

Bilboko Merkataritza Ganberak aurreikuspen baikorra egin du urte amaiera begira. Bigarren seihilekoan ekonomiak hobera egingo duela uste du, edo hori jakinarazi diote behintzat bere inkesta erantzun duten enpresek. Ganberako ikerketa taldeak datu horiek aztertu ditu eta haren arabera BPG %6,8 igoko da aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aurreikuspen baikorrak dira, duela aste gutxi Laboral Kutxak bere txostenean %6,3ko igoera iragarri baitzuen. Alderaketak egiteko urrunago joz gero, Ganberak berak abenduan %5 eta %6 arteko igoera aurreikusi zuen, eta Eusko Jaurlaritzak %6,7koa martxoan.

«Argia ikusten ari gara tunelaren amaieran. Munduko ekonomiaren protagonista nagusiak suspertzen ari dira, eta susperraldi hori gurera ere iristen ari da. Etxeen eta enpresen konfiantza gora egiten ari da, eta txertoak eraginkorrak badira, kontsumoak eta inbertsioek uste baino gehiago egin dezakete gora», iragarri du Jose Angel Corres Ganberako presidenteak. Dena den, zehaztu du garai hauetan iragarpenak egitea ez dela erraza, eta pandemiak «denbora batez behintzat» erabakigarri izaten jarraituko duela agertoki ekonomikoan.

Susperraldi hori osasun egoerari hertsiki lotuta iragarri du, eta Europako Funtsen garrantzia nabarmendu. Erabakigarritzat jo du finantza-baliabide horiek «azkar eta eraginkortasunez» aktibatzea. Europako Funtsen inguruan luze mintzatu da, eta haiek lortzeko beharrezkoak diren gobernu eta agente sozialen arteko akordioak «iritsiko direla» uste du: «Agente sozialak zentzu lezio bat ematen ari dira. Funtsak ez badira iristen ez da horregatik izango». Era berean, onartu du enpresa txiki eta ertainek, Ganberaren bezero direnak, onartu egin diotela funtsen banaketatik kanpo gelditzeko beldurra dutela: «Halako funtsak lortzeko dirua behar da proiektuak diseinatzeko, eta enpresa txikiak lan egiten dute. Enpresa handiei egingo diete funtsek, baina haiek duten trakzio ahalbidean pentsatu behar dugu». 2022ari begiratzen ere ausartu da eta BPGaren igoera apalagoa izango dela uste du: %6,6. Laboral Kutxak, aldiz, %6,8ko igoera iragarri zuen eta Jaurlaritzak %5,7koa.

Urtearen erradiografia egin du Ganberak, eta bere inkestaren arabera lehen seihilekoan enpresen %42ren negozio zifrak gora egin du, eta %32ena jaitsi. Enpleguari dagokionez, enpresen %51ek lantaldeari eutsi diote, %27k langile kopurua handitu dute eta %28k murriztu. Kasu honetan ezin da jakin zein den aldi baterako erregulazio espedienteen eragina kopuru horietan.

Beherakada nabarmena Bilboko portuan

Esportazioek ere gora egin dute, baina zentzu horretan deigarria da Bilboko portuak izandako beherakada: lehen bost hilabetean 12,7 milioi tona zama mugitu ditu bakarrik, iaz tarte berean 14, izan zirenean. Corresek hiru arrazoi eman ditu: Petronorren esportazioen jaitsiera, eta hark duen eragina; zamaketarien grebaren ondorio batzuk, eta Brexita. Azken hori «ezustea» izan dela onartu du: «Elkartrukean eraginik izango ez zuela uste genuen, eta jaitsi egin dira. Era berean errepidez iristea zaildu izanak itsaso bidea ugarituko zuela pentsatzen genuen eta ez da horrela izan. Ez dakigu ingelesek Europako produktuak erosteari utzi dioten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.