Euskara

Euskararen erabilera normalizatzeko gakoak

Euskararen Legearen 40. urteurrenaren atarian, mintegia egin dute Bilbon Sabino Arana fundazioak eta Euskaltzaindiak.

Euskararen Legearen 40. urteurrenaren mintegiko hizlariak. SABINO ARANA FUNDAZIOA
unai etxenausia
2021eko uztailaren 16a
17:03
Entzun

Euskararen Erabilera Normalizatzeko EAEko Legearen 40. urteurrenaren atarian, mintegi mamitsua antolatu zuten atzo Bilbon Sabino Arana fundazioak eta Euskaltzaindiak. Jardunaldian, legearen printzipioak, helburuak, ekarpenak, gabeziak eta eraginkortasuna aztertu zituzten. Antolatzaileen ustez, euskara biziberritzeko prozesua «aurrera» doa gizartearen esparru guztietan, baina oraindik ere «erronka handiak eta askotarikoak» gainditu behar dira. Beraz, euskarak esparru berrietara iristeko aurkitzen dituen eragozpenak identifikatzeko helburua izan zuen mintegiak. Bertan parte hartu zuten hizkuntzalariek, politikariek, unibertsitateko irakasleek eta euskal kulturaren ordezkariek euskara biziberritzeko bide berriak proposatu zituzten.

Jardunaldiaren atarikoan, Mireia Zarate Sabino Arana fundazioren presidenteak nabarmendu zuen legea esparru «behinen eta funtsezkoa» dela euskararen estatusa garatzeko. Nabarmendu zuen erabilera normalizatzeko «tresna eragingarria» izan dela, eta legeak hizkuntza eskubideak aitortzen dizkiela herritarrei.

Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu zuen euskararena «oinarrizko dema» duela herri honek, eta hori «zuzenbideko kontu hutsa» baino gehiago dela, alegia, «gizarte osoari dagokiona». Euskal autogobernuaren «lehen urratsetako bat» izan zen Euskararen Legea aldarrikatzea, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gogora ekarri zuenez, eta gehitu zuen «lehentasun trataera» eman zitzaiola legeari.

Hizlariak

Mintegiko lehen hitzaldia Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak eman zuen, Euskara Administrazioan. Lehen urratsak izenburupean. Euskarak administrazioan izan duen bilakaera gogoratu zuen: Errepublika garaiko dekretuez mintzatu zen lehenik, 1980ko hamarkadako ahaleginak oroitu zituen gero, eta azkenik egungo egoera nahasiari heldu zion. Esaterako, euskarari auzitegiek jarritako trabak azpimarratu zituen: «Auzitegi Gorenak hainbat epai eman zituen esanez ezin zaiola eskatu funtzionario izan nahi duenari euskara profila, diskriminatzen zuelako euskaraz ez dakiena».

Geroago, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak hartu zuen hitza. Euskararen Legearen oinarri nagusiak gogoratu zituen Lozanok, eta azpimarratu zuen garapen zabala izan duela sektore publikoan. «Administrazioko langileen hizkuntza gaitasuna gero eta handiagoa da; erabilera plan bateratuak dauzkagu administrazio gehienetan; Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak erakunde askotan onartzen ari dira; euskararen kudeaketa integratuaren kultura hedatzen ari da poliki-poliki gure Administrazioan...», aipatu zituen, lorpenen artean.

Lasarte-Oriako Udaleko (Gipuzkoa) Euskara Zerbitzuko arduradun Iñaki Arrutik Udaletik Euskararen Legeari begira izeneko hitzaldia jorratu zuen. «Baikor eta kritiko» agertu zen Arruti, eta gogorarazi nahi izan zuen «hizkuntza gertaera sozial bezala onartu behar dela», eta, hortaz, udalerria «hizkuntza politika egiteko leku naturala» dela.

Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea ere baikor agertu zen azken hamarkadetan hezkuntzak egindako bidearekin, eta azaldu zuen pandemia garaian ere asko ikasi dutela, batez ere, ikasleak «erdigunean» jartzearen inguruan. Hezkuntza arloan ere, Iñaki Etxezarreta Debagoieneko Arizmendi ikastolako zuzendariak Aurrera, beti aurrera leloaren ildoan ardaztu zuen bere mintzaldia. Euskarazko hezkuntzak izan duen ibilbidea errepasatu zuen, ikastolen mugimenduaren bueltan: «Ikastolak asmatzea euskal gizartearen lorpen izugarria da: eskola antolatzeko modu berria, berrikuntza sozialaren berrikuntza paradigmatikoa izan zen».

Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendariak aitortu zuen inguru digitalean erronka izugarriak dituztela: «Bai, erronkak handiak dira, baina EITBk hor egon behar du, gazteek euskaraz kontsumitzea nahi badugu». Eta hori lortu nahian eskuartean dituzten proiektu batzuetaz mintzatu zen: «EITBko edukiak hiru elementu izan behar ditu: kalitatea, interesa eta sinesgarritasuna. Bide horretatik doa ezarri berri dugun plataforma erraldoia, OTT bat, euskal Netflix bat, edonork ulertzeko, eta nahiko genuke plataforma hori nazioarteko leiho bat izatea, besteak beste, euskal talentua bultzatzeko. Betiere kalitatezko ekoizpenak sortuz, baina eskuratzeko errazak izango direnak».

Azkenik, Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidenteak hitz egin zuen, taldearen filosofiaz: «Batetik, zero kilometrokoa da tokiko produktua, gure produktua, gure istorioen notarioak baikara. Bestetik, erabili behar ditugu multinazionalak, baina ez gaitzatela beraiek erabili; zentzu horretan, burujabetza behar dugu, sare sozialak ez baitira saldu diguten plaza publikoak. Gure ustez, lokala da oraina eta etorkizuna, ez globala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.