Astronomia

Euskal planisferioa, prest

Aranzadiko Astronomia sailak Elkano Euskal Planisferioa sortu du. Euskaraz idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da. Berria dendan eskuragarri dago jada

Planisferioaren aurkezpena, Getarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 16a
18:38
Entzun

Elkano Euskal Planisferioa sortu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Euskara hutsez idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da, 43 graduko ipar paraleloan. Berria arduratuko da zabalkundeaz. Gaur aurkeztu dute, Getarian.
Izarren mapa moduko plano bat da planisferioa. Gaur arte, ez zegoen euskarazkorik, ezta Euskal Herriko latitudean kokatutakorik ere. Virginia Garcia Aranzadiko Astronomia saileko zuzendariak arlo horretan gabezia sumatzen zutela adierazi du: «Astronomia sailean behar hau ikusten genuen. Planisferioak erabiltzen genituen, baina ez genituen latitude honetakoak eta euskaraz ez zegoen ezer ere».
Planisferioak ez du soilik Euskal Herriko zerua behatzeko balio. Euskal kostaldeko latitudean dago kokatua, Elkano marinelari keinu eginez. Halere, 43 graduko ipar latitudean dagoen edozein puntutan erabili daiteke, baita hiruzpalau gradu iparralde edo hegoalderago ere. Beraz, besteak beste, Madril, Paris, New York edo Pekinerako ere balio du.
Aranzadik Elkano Fundazioarekin batera gauzatu du proiektua, munduari emandako lehen biraren 500. urteurrena dela eta. Rafa Zulaika Elkano Fundazioko ordezkariak «zerutik ekarritako opari» gisa definitu du planisferioa. «Ekarritako» eta ez «etorritako», proiektua aurrera eramatea «lan handia» izan baita. Zehazki, bi urte inguru behar izan dituzte planisferioa ekoizteko. Halere, ekimena ez da amaierara heldu. Orain ikastaroak emateko eta dibulgazioa egiteko asmoa dutela adierazi du Garciak.
Kutxa Fundazioak finantzatu du ekimena. Bertako ordezkari Iñigo Atorrasagastik planisferioak jasangarritasunarekin ere baduela lotura gehitu du. Gizartea kontaminazio luminikoaren inguruan «kontzientziatzeko» balioko duelako.
Aurkezpenean izarren mapa nola erabili azaldu du Aranzadiko Astronomia saileko zuzendariak. Berezitasunak ditu, lur planeta mugitzen den heinean, «zerua aldatzen» baitoa. Horregatik, eguna eta ordua zehaztu behar direla jakinarazi du Garciak. Planisferioak plastikozko disko bat eta erregeleta bat ditu horretarako. Gainera, kontuan izan behar da astronomian beti denbora unibertsala erabiltzen dela. Udan, Euskal Herrikoa bi ordu atzeratu behar da. Hala ere, planisferioak, informazio guztia biltzen duen eskuliburu bat dakar.
Gaur egun astronomia arloko aplikazio ugari daude. Halere, planisferioa paperean egitea erabaki dute, Garciaren hitzetan, aplikazioek «beti ez baitute ongi funtzionatzen». Horregatik, marinelek astronomia ezagutu behar dutela azaldu du. Horixe da planisferioaren eta Elkanoren arteko lotura. Munduari lehen aldiz bira eman zioten garaian, ez zegoen gailu elektronikorik eta izarrak ezagutzea beharrezkoa zuten orientatu ahal izateko.
Berria dendan eskuragarri
Planisferioaren zabalkundean pisu handia izango du Berriak. Jada eskuragarri dago Berria dendan, 25 euroko salneurrian. BERRIAlagunek bost euro merkeago eskuratu dezakete. Irati Azkue Berriako Kaleko Sustapeneko arduradunak adierazi du hedabidea «bidelaguna» izango dela «Euskal Herriko zerua euskaraz» ezagutaraziko duen erremintaren zabalkundean.
Datorren astelehenetik aurrera, bestelako liburu dendetan ere eskuragarri egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.