Enpresak

Petronorrek hiru hilabete aurreratu du erregulazioaren amaiera

Geldirik dauden plantetako beharginak «pixkanaka» itzuliko dira, urriaren 1era arte. Merkatua suspertzen ari delako hartu du erabakia.

Petronorreko langileen protesta bat. OSKAR MATXIN EDESA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 27a
12:35
Entzun

Petronorrek urriaren 1ean ekingo dio berriro bere jarduerari egun geldirik dituen plantetan, eta amaitutzat emango du, beraz, aldi baterako erregulazioa (ABEE). Merkatua eta mugimendua suspertzen ari direlako aurreratu du erabakia. Findegiko zuzendaritzak astearte honetan jakinarazi dio erabakia enpresa batzordeari. Azken asteetan hainbat mobilizazio egin dituzte langileek erregulazioaren aurka, eta udan horiekin jarraitzeko asmoa zuten.

Gaur egun, Muskizko (Bizkaia) findegiaren jardueraren %40 geldirik dago, eskaririk ez zegoelako. Horren ondorioz, Petronorrek 364 langilerentzako, lantalde osoaren heren batentzako, erregulazio bat jarri zuen martxan maiatzean. Hasieran abenduaren 31ra arte zegoen planteatuta.

Erregulazioak hamasei langileri eragiten die lanaldi osoan, eta gainerako 348ak ehuneko txikiagoan ari dira lanean, murriztuta, «kasu askotan hilean egun bat baino gutxiago». Langile horiek pixkanaka sartuko dira lanean datozen asteetan, «ekoizpen beharren arabera eta, beti bezala, modu seguru eta arduratsuan».

Petronorrek azaldu duenez, planta horietan ia urtebete jarduerarik gabe egon ondoren erabaki zuten lan erregulazioa egitea. Azpimarratu du denbora horretan langileek prestakuntza eta «soldata guztiak» jaso zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.