Memoria

Azalpenak eskatu dizkiote Sabino Arana fundazioari, Francoren irudi bat erabiltzeagatik

Ignacio Zuloaga margolariak diktadoreari eginiko erretratuarekin ilustratu du fundazioak artistaren jaiotzaren urteurrenaren berri emateko mezua.

"'Caudillo'-aren erretratua", Ignacio Zuloagaren margoa (1940).
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 28a
12:58
Entzun

«Gaurkoa lako egun batean, 1870eko uztailaren 26an, Ignacio Zuloaga margolari eibartarra jaio zen. Artisten familia garrantzitsu bateko kidea zela, berehala utzi zituen ingeniari-ikasketa hasi berriak, eta pinturan murgildu zen buru-belarri». Horrela hasten da Sabino Arana fundazioak astelehenean bere webgunean idatzitako testua. Margolariaren ibilbidea laburbiltzen du fundazioak artikuluan, eta horretarako lotura dituzten mezuak ere bidali ditu sare sozialetara. Horraino arazorik ez. Baina artikulua eta mezuok ilustratzeko, fundazioak aukeratu duen koadroak harridura piztu du sare sozialetan: Zuloagak bere bizitzan margoturiko lan guztietatik, 1940. urtean Francisco Franco diktadoreari eginiko erretratua erabili dute.

«Nekazarien, toreatzaileen, prostituten eta bere garaiko goi mailako damen margolaria izan zen, eta maisutasun handiz irudikatu zituen Gaztelako zelai eta herrien soiltasuna; interes txikiko loreontzi eta bodegoi batzuk ere margotu zituen». Fundazioaren testuak ez du aipatzen margolariak azken urteetan Frankismoarekin edukitako lotura, baina argazkiaren oinean, «Kaudilloaren erretratua, Ignacio Zuloagak margotutakoa» idatzi dute.

Harrituta eta azalpen eske erantzun diote sare sozialeko hainbat erabiltzaileek fundazioaren mezuari.

Xabier Eguzkitze kazetariak ez du hitzik idatzi, baina aurpegi lotsagorrituaren emotikonoarekin erantzun du.

Etxebarrieta Memoria Elkarteak azalpenak eskatu dizkio EAJri.

Alex Zubizarreta twitterlariak ere aukera egokia ote zen galdetu dio fundazioari.

Beste batzuek gogoratu dute Eusko Legebiltzarrak onarturiko oroimen historikoaren inguruko legeek zigortu egiten dutela frankismoaren apologia. Kritiken ondoren mezua eta irudia ezabatu ez izana aurpegiratu diote fundazioari.

Hainbatek eskaini dituzte Zuloagaren lanaren berri emateko erabil zitezkeen bestelako adibideak.

Nabarmentzekoa da Etxebarrieta Memoria Elkartearen mezua, ekainean hasieran Egiari Zor fundazioak salatu zuelako Bilboko Udalak ez zuela eman Txabi Etxebarrieta gogoratzeko hitzaldi eta ekitaldi bana egiteko baimenik, Dignidad y Justicia elkarteak, «terrorismoa goratzeko» delitu bat izan zitekeela argudiatuta, horiek debekatzeko eskatu ostean. Espainiako Auzitegi Nazionalaren baimena zuten ekitaldiok, baina, azkenean, ezin izan zituzten egin, Udalaren jarrera dela eta.

Lotsak ezkutaturiko lana

Zuloaga lotuta egon zen 98ko Belaunaldia deituriko idazleekin. Haiek bezala, Espainiaren ikuspegi iluna zuen, itsasoaz haraindiko azken koloniak galdu ostean. Fundazioak nabarmentzen du hori testuan. «Idazle-taldearen ideologiak eraginda, Zuloagak Gaztelako zelai eta jendearen sustrai autoktonoen bila lerratu zuen margotzeko moldea, bertako paisaien soiltasuna eta biztanleen pobrezia duin, isil eta apala behin eta berriro azpimarratuta eta ordutik aurrera nabarmen ilundu zuen paleta, Espainia beltza deiturikoaren alderdi dramatikoenak nabarmentzeko, literatura-talde horrek gordinki islatutakoa».

1940ko apirilaren eta maiatzaren artean zirriborratu zuen Zuloagak diktadorearen erretratua. Madrilgo Ritz hoteleko gela batean eduki zuen Franco posatzen, koadroaren konposizioa ebatzi arte.

Baina margoak lotsa eragin zuen ia hasieratik, baita Franco berari ere.

1941. urtean bakarrik egon zen ikusgai jendaurrean, Madrilgo Arte Modernoaren museoan. Baina Zuloagaren lanen erakusketa haren katalogoan ere ez zuten sartu lanaren irudirik. Geroztik erretiratu egin zuen Francok berak. Izan ere, ideologia faxistari loturiko erreferentziak ezabatzen joan zen diktadorea, Alemaniako naziek eta Italiako aliatu faxistek Bigarren Mundu Gerra galduko zutela gero eta argiago ikusi ahala. Falangisten alkandora urdinarekin eta haien gezi eta uztarrien sinboloekin jantzita agertzen da Franco artelanean. Francoren atzealdean, gero Erorien Harana hartuko zuen Cuelgamuros lekua margotu zuen Zuloagak. Zuloagak margolana egin zuen urtean agindu zuen Francok bere omenezko monumentua han egitea, eta 1959an amaitu zuten.

Bistatik at egon da lana geroztik. Francok Galizian okupaturiko Meiras etxean aurkitu zuten duela urte gutxi, hura Espainiako Estatuari itzultzeko itzultzeko lanetan ikertzaileek han zeuden objektuen katalogoa egin baitzuten. Francisco Franco Fundazioak kudeatu du orain arte Meiras etxea.

Europako Parlamentuak fundazio hori debekatzeko eskatu zion Madrili 2018ko urrian, baita diktadura frankista «goratzen dituzten ikur guztiak».

Sabino Arana fundazioa EAJri loturiko erakundea da. 1988. urtean sortu zuten, euskal abertzaletasuna ikertzeko, haren ideiak zabaltzeko eta gaurkotzeko. Irune Zuloagak zuzentzen du, eta Juan Mari Atutxa da haren ohorezko presidentea.

Fundazioak ez die erantzun oraindik koadroa erabiltzeagatik azalpenak eskatu dizkiotenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.