Hegan ikasten ari den putrekume bat da Tolosan agertu dena

Asteazken gauean eraikin bateko etxe batean agertu zen putre bat, Tolosan; ostegun goizean atzeman dute. Handik mugitzeko lanean aritu dira basozainak eta suhiltzaileak. Beste zenbait herritan ere ikusi dituzte putreak azken egunotan.

mikel p ansa
2021eko abuztuaren 18a
21:29
Entzun

Ez dela kezkatzeko eta beldurtzeko arrazoirik, hori azaldu dute Gipuzkoako basozainek. Sasoi honetan, putrekumeak habiatik irten eta hegan ikasten hasten dira, eta tarteka gertatzen da nekatu egiten direla, edo ez dakitela ongi hegan egiten oraindik, edo galdu egiten direla. Halako zerbait gertatu da Tolosan, Gipuzkoan. «Putre gaztea da, nekatuta egongo da, edo ez daki oraindik hegan ongi egiten», azaldu diote Gipuzkoako Basozainek BERRIAri. «Ez da kezkatzekoa edo beldurtzekoa. Seguru asko, bera egongo da beldurtuen».

Atzo arratsaldean, asteazkena, San Frantzisko kaleko etxe bateko azken solairuko balkoi batean agertu zen putre gazte bat. Kike Amonarrizek eta Aiora @probatxoa-k Twitterren jarri zituzten putrearen irudi ikusgarriak. Ez dira putreak askotan ikusten hiriguneetan bertan edo gizakiengandik horren gertu —Tolosako udaltzainek azaldu dute halako kasu bat gertatzen zaien lehen aldia dela—, eta bideoek harridura sortu dute sare sozialean:

Suhiltzaileak eta basozainak asteazkenetik bertatik saiatu dira putrea airera zedin. Gauean saiakera batzuk egin zituen berak ere, baina atzera balkoi berera itzuli zen, eta ostegun goizean han jarraitzen zuen putreak. «Nekatuta egongo zen», azaldu dute basozainek. Azkenean, basozain batek lortu du, balkoitik bertatik, putrea atzematea ostegun goizean, albiste honetako bideoan ikusten den bezala. Halakoetan, putrea harrapatu eta mendialdera eramatea, hori da konponbidea, basozainek azaldu dutenez, «ea han ama aurkitzen duten edo berrindartzen diren». Momentuz, Donostiako Arrano Etxera eraman dute animalia, indarra har dezan.

Dena den, sasoi honetan halakoak ikustea ez dela arraroa gehitu dute basozainek. Gipuzkoan, beste bi herritan gutxienez ikusi dituzte putreak azkeneko egunetan. Beasainen, herrigunean agertu zen beste kume bati lagundu zioten, eta Iker Salaberriak Twitterren jakinarazi du duela egun batzuk Lezon ere ikusi zutela putre bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.