Argentina-Brasil partida bertan behar utzi dute, osasun agintariak zelaian sartu ondoren

Poliziaren arabera, Argentinako lau jokalarik koronabirusaren aurkako protokoloa bortxatu dute. Haiek herrialdetik kanporatzeko sartu dira zelaian.

Argentinako jokalariak, Brasilgo osasun agintarekin eztabaidatzen. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 6a
09:30
Entzun

Sao Paoloko (Brasil) Corinthians taldeko estadioan irudi harrigarriak ikusi ziren atzo: Brasil-Argentina partida jokatzen hasi zen, 2022ko Mundu Txapelketarako sailkatzeko, baina, bost minutura, Brasilgo Osasun Zaintzako Agentzia Nazionaleko lau kide zelaian sartu ziren, Argentinako taldeko lau jokalari herrialdetik kanporatzeko asmoz.

Izan ere, agintarien arabera, Emiliano Martinez, Lo Celso, Cristian Romero eta Emiliano Buendia jokalariek gezurra esan zuten Brasilen sartzeko formularioa betetzerakoan, eta koronabirusaren izurriari aurre egiteko neurriak bortxatu zituzten.

Jokalari guztiok Premier Leaguen jokatzen dute, eta Brasilgo agintariek herrialde arriskutsuen zerrendan dute sartua Erresuma Batua. Herrialdetik Brasilera sartzen den orok hamalau eguneko berrogeialdia egin behar du. Brasilgo osasun agintarien arabera, jokalariok gezurra esan zuten herrialdean sartzeko adierazpenean, ez zutelako idatzi azken egunetan Erresuma Batuan egon direla. Aurreko eskala Caracasen egin zutela adierazi zuten, haien arabera. Edonola ere, Argentinako Futbol Elkarteak ukatu egin du hori, eta jokalariok futbol txapelketetarako ezarrita dagoen «osasun burbuila» neurria bete zutela argudiatu du, eta Brasilek protokolo hori onartu zuela. «Ezin da esan gezurra egon denik, Hego Amerikako txapelketa guztietarako osasun arautegia delako, eta guk bete egin dugulako», adierazi du Claudio Tapia elkarteko buruak.

Partida bertan behera geratu zen, bost minutu eta 22 segundo jokatu ostean. Lionel Messi eta Neymar jokalariak epailearekin eta futbol agintariekin eztabaidatzen aritu ziren.

Gertatutakoa salatu du Lionel Scaloni Argentinako selekzioaren entrenatzaileak: «Entrenatzaile gisa, neure jokalariak defendatu behar ditut; jendea sartzen bada esanez eraman nahi dituztela eta deportatu nahi dituztela, ez dago aukerarik [jokatzen jarraitzeko], inoiz ez digutelako esan jokalariok ezin dutela partida jokatu». Argentinako eta Brasilgo jokalariek partida jokatzen jarraitu nahi zutela gaineratu du.

Messik argudiatu zuen lau egun zeramatela Brasilen, eta agintariek bazutela lehen egunean abisatzerik. Brasilgo Futbol Federazioak ere adierazi du harrituta dagoela ekintza gauzatzeko aukeraturiko unearengatik. Baina Brasilgo Osasun Ministerioak ekintza defendatu du.

Orain, FIFAk erabaki beharko du zer egin partidarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.