Datuak

Beste 240 kutsatu zenbatu dituzte Hegoaldean: kopururik apalena ekain amaieratik

Atzo beste 37 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Orain 95 gaixo daude ZIUetan.

Erizain bat birusa atzemateko testa egiten, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 6a
12:44
Entzun

Birusaren transmisioari buruzko datuek erakusten dute kutsatuen kurbak behera jarraitzen duela. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, atzo 4.369 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta 240 positibo zenbatu zituzten: kopururik apalena ekainaren 29tik. Hala, positiboen ehunekoa %5,4 izan zen Hego Euskal Herrian, OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutako kopurutik hurbil —%5 baino txikiagoa izatea gomendatzen du—. Lurraldeka, Bizkaian 116 zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 57; Araban, 32; eta Nafarroan, 31.

Ordea, Hego Euskal Herriko presio asistentzialak ez du, oraingoz, arintzeko trazarik. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 37 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta, eta orain 95 gaixo daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, azken egunetako kopuru antzekoa.

Gainera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi du birusarekin eri zen herritar bat zendu dela herrialdean. Foru gobernuak ez bezala, Eusko Jaurlaritzak astean behin baizik ez du ematen heriotzen gaineko informazioa: asteazkenean eguneratuko ditu datuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.