Positibo tasa %4,2ra jaitsi da Hegoaldean, 316 kasu atzemanda

20 eta 35 urte artekoei txertatzeko deia egin die Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, %80k baino gutxiagok hartu dutelako txertoaren lehen dosia.

Herritarrak Donostiako kaleetatik paseatzen, artxiboko irudian. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 7a
13:45
Entzun

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Hegoaldeko osasun sistemek 7.475 diagnostiko proba egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta 316 kutsatu zenbatu dituzten horietan. Ondorioz, positiboak %4,2 izan dira. Datuek agerian uzten dute pandemiaren bilakaerak beheranzko joera hartua duela Hego Euskal Herrian. Kutsatuen kurbak maldan behera segitzen du. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasu positibo gehien, berriz ere: 125 detektatu dituzte. Gipuzkoan 83 kasu izan dira; Nafarroan, 70, eta Araban, 29. Ospitaleei dagokienez, Hegoaldeko osasun sistemek beste 40 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19ak jota, eta ZIUetan 84 lagun dira birusarekin eri.

Egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin «zuhur» baina «baikor» mintzatu da gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Azaldu du transmisioari buruzko datuak bide onean doazela, eta egoera asistentziala, motel bada ere, hobetuz doala. Datozen asteak «erabakigarriak» izango dira pandemiaren bilakaerarako, eta neurriak malgutu ala ez erabakitzeko, Sagarduiren esanetan.

Gaineratu du txertaketari buruzko datuak itxaropentsuak direla, eta bereziki azpimarratu du 12 eta 19 urte arteko gazteek txertatzeko deiari emandako erantzun «positiboa». Azaldu du erritmo onean doala txertaketa prozesua, 20- 35 adin tartekoetan salbu. Txertoaren lehen dosia %80k baino gutxiagok hartu dute adin tarte horretan, eta «atzeratuta» geratu dira gainerako adin tarteekin alderatuta. Horregatik, Osakidetzak SMS mezu bat bidali die berriro txertoa hartua ez duten 20 eta 35 urte artekoei, txanda har dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.