Futbola

Athleticek 2-0 irabazi dio Mallorcari

Bigarren zatian eman dute kolpea zuri-gorriek. Daniel Vivianek eta Iñaki Williamsek sartu dituzte golak.

Daniel Vivian Athleticeko jokalaria, gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 11
23:09
Entzun

Bigarren garaipena erreskadan lortu du Athleticek, Mallorcari 2-0 irabazita. Zuri-gorriek partida distiratsua egin gabe eskuratu dituzte hiru puntuak, baina asmatu behar zenean, asmatu egin dute. Bigarren zatian sartu dituzte neurketako bi golak; Daniel Vivian eta Iñaki Williams izan dira goleatzaileak. Hala, lider oheratuko dira gaur zuri-gorriak.

Intentsitate handiarekin zelairatu dira bi taldeak. Athleticek presio altua egin du goian, eta estutu. Zelaian nagusitzen saiatu dira, eta lortu dute arriskuarekin iristea pare bat jokalditan. Joko zuzena baliatu dute horretarako. Mallorcak ere eman du abisua, hegaletik Brian Olivanek egindako iritsierekin.

Lehen aukera garbia Athleticek izan du, partida hasi eta ordu erdira. Iñigo Martinezen burukadari erantzun bikaina eman dio Mallorcako atezainak, eta aldaratzean ez du asmatu Iñaki Williamsek. Mallorcarena izan da jokoaren ekimena hurrengo minutuetan, baina arrisku berezirik sortu gabe, zutoin ondotik joan den jaurtiketa bat kenduta. Ez da golik izan lehen zatian.

Bigarren zatian, partida trabatua zihoan, eta zerbait aldatu behar zuen Athleticek. Aulkia mugitzearen alde egin du Marcelino Garcia Toral teknikariak, aldaketa hirukoitza eginda. Gutxira etorri da gola. Iker Muniainen falta jaurtiketa sareetara errematatu du Daniel Vivian erdiko atzelariak; bere lehen gola du Lehen Mailan.

Mallorcak ez du erreakzionatu, eta zartateko erabakigarria eman du Athleticek. Areatik gertu lapurtu du baloia Muniainek, pasea eman dio Iñaki Williamsi, eta horrek ez du barkatu. Ordu laurden baten faltan, neurketa bideratuta utzi dute zuri-gorriek. Ez dute sufritu lehiaren azken txanpan. Katedralean geratu dira hiru puntuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.