Euskara

Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiarekin

«Euskara ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak» sustatuko dituzte horrela

Euskaltzaindiaren eta erakundeen ordezkariak, gaur, Bilbon. IREKIA
gotzon hermosilla
2021eko irailaren 15a
16:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiarekin. Lau urteko hitzarmena da, 2021-2024 epealdian indarrean egongo dena, eta erakunde horik eta Euskaltzaindiak izenpetzen duten mota horretako bosgarren ituna da; lehenengoa 2000-2004 epealdikoa izan zen. Akordio horren arabera, Euskaltzaindiak epe horretan 7.760.000 euro inguru jasoko du, «Euskaltzaindiaren lanari eta egindakoaren zabalkundeari bultzada» emateko, betiere «euskara ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak» oinarri hartuta. Diru kopuru horretatik Jaurlaritzarena da diru laguntzarik handiena: bost milioi euro baino zertxobait gehiago jarriko du.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak «ezinbestekotzat» jo ditu «euskararen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako Euskaltzaindiak egiten dituen egitasmoak», eta nabarmendu du «herritarren eskura» jartzen dutela egindako lan guztia. Arabako Foru Aldundiko Lexuri Ugartek, Xabier Arauzo Bizkaikoak eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoak Foru Aldundikoak ere goretsi dute Euskaltzaindiak egindako lana.

Guztiei eskerrak eman dizkie Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Hitzarmen honek berresten du erakundeen arteko elkarlana euskararen alorrean. Izan ere, erakunde aholku-emailea da Euskaltzaindia eta horrek eskatzen du beren-beregiko engaiamendua bere zereginetan. Hori bideratzeko, ezinbestekoa da elkarlana».

Hitzarmenak balioko du Euskaltzaindiaren finantzaketa egonkortzeko, akademiaren eta erakundeen arteko koordinazio mekanismoak ezartzen lagunduko du, ikerketa jarduerak bultzatuko ditu, euskara zabaltzeko eta sozializatzeko jarduerak ere sustatuko ditu, eta Euskaltzaindiaren giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileran eragina izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.