Makroekonomia

Esportazioak asko ugaritu diren arren, ez dira pandemia aurreko mailara iritsi oraindik

Hego Euskal Herriko kanpo salmentak %20,6 handitu dira uztailean, urte arteko tasan, eta 2.944 milioi eurora iritsi dira. Urteko kopuru metatua oraindik mila milioi euro apalagoa da 2019aren aldean

Bilboko Portuan jarduera handiagoa dago aurten iaz baino. LUIS JAUTEGIALTZO / FOKU
xabier martin
2021eko irailaren 20a
10:48
Entzun

Atzerriko merkatuak indar hartzen ari direla begien bistakoa da, eta esportazioek uztailean izan duten hazkunde handiak berretsi egin du susperraldi hori. Pandemiaren urterik gogorreneko udan, geldialdi handia izan zuten euskal enpresek egindako kanpo salmentek, eta bakarrik 2.441 milioi eurora iritsi ziren, uztailean. Bada, aurtengo hil berean, 2.944 milioi eurora iritsi dira, %20,6ko igoera lortuta urte arteko tasan. Ematen du enpresa esportatzaileak nazioarteko merkatuen dinamismo horren olatua hartzen jakiten ari direla.

Horiek horrela, 2021. urteko esportazio metatuek gora egin dute Hego Euskal Herrian lehen zazpi hilabeteetan, %20,6 hain zuzen (3.469,6 milioi gehiago), eta 20.294,6 milioi eurora iritsi dira dagoeneko. Baina urteko esportazio metatuen kopurua ez da nahikoa oraindik pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko. Izan ere, 2019ko lehen zazpi hilabeteetan 21.200,7 milioi euroko esportazioak egin zituzten Hegoaldeko enpresek, eta aurten 20.294,6 milioikoak egin dituzte; hau da, -%4,3. Nafarroan, %2,4 gehiago hazten ari dira atzerrirako salmentak aurtengo uztaila 2019ko uztailarekin alderatuz gero, Nastaten datuen arabera, baina, urteko pilatuan, Nafarroak ez du mugarri hori lortu oraindik, beste hiru lurraldeetan gertatzen den antzera.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, Eustatek jakinarazi du nabarmentzekoa dela metalaren eta haien manufakturen esparruaren igoera (%46,) eta produktu mineral eta energetikoena (%52,7). Baina beste esparru batzuk ere indartu dira; esaterako, produktu kimikoak (%52,3), eta plastikoak eta kautxua (%20,9). Badira, ordea, behera egin duten produktuak ere; kasurako, garraio materialaren esportazioak: 33,9 milioi euro gutxiago erregistratu dute (-%5,8).

Inportazioei dagokienez, %25eko hazkundea izan dute uztailean, 1.675 milioi eurorekin. Inportazio energetikoek %14,2 egin dute gora, baina baita ez-energetikoek ere: %27,6.

Lurraldeak eta jomugak

Lurraldeka, esportazioen hazkunderik handiena Bizkaiak izan du (%31,7). Esparru hauek igo dira dira gehien: metalak eta haien manufakturak (%40,4), produktu kimikoak (%65,6), koipe eta olioak (%1.038,5), eta produktu mineral eta energetikoak (%53,5). Gipuzkoan, berriz, %17,6koa izan da igoera. Lurralde horretan nabarmen handitu dira metalak eta haien manufakturak (%69); 62,8 milioi egin dute gora, eta Gipuzkoak esportatutako guztiaren %23,6 izan dira. Araban ere, balantze positiboa dago: esportazioek %4,4 egin dute gora, eta lurralde horretan ere metalen eta haien manufakturen igoera (%33,3) izan da handiena. Aldiz, garraio materialek behera egin dute pixka bat (–%2,8).

Nafarroan, berriz, ibilgailu motordunek egin dute esportazio gehien; alegia, Volkswagenen Landabengo fabrikak egindakoak: %31,1 handitu dira. Autoak ez besteko esportazioak %10 igo dira, halaber. Autogintzaren osagaiak %40 igo dira, eta barazkiak eta lekaleak, %11,9.

Esportazioen jomugei dagokienez, bost herrialde izan dira Hego Euskal Herriko enpresen bezero nagusiak: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika eta AEBak. Beren kanpo salmenta guztien erdiak baino gehiago (%51,1) merkatu horietan egin dituzte. Europako Batasuneko 27 herrialdeen barruan egin dituzte esportazio gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.