Migratzaileak

Hendaiako atxikitze zentrotik lekutuko da CIMADE elkartea

Sute bat izan zen igande gauean, eta 24 pertsona ebakuatu behar izan zituzten. Azkenaldian gisa bereko gertaera bat baino gehiago izan da, eta CIMADE elkarteak ondorioztatu du Hendaiako zentroan atxikiak diren pertsonen segurtasuna ez dela bermatua.

Hendaiako atxikitze zentroaren aitzinean egindako protesta bat, apirilean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 22a
11:32
Entzun

«Atzotik, CIMADEko zuzendaritzak Hendaiako atxikitze zentroan duen taldea erretiratzea erabaki du. Ez dugu esku hartuko giltzapetuen segurtasuna bermatzen ez den bitartean». Honela dio etorkinen eskubideen alde diharduen CIMADE elkarteak hedabideei bidali dien oharrak. Sute bat piztu zen joan den igandean Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan, eta elkarteak uste du gutxigatik sahiestu zela «are ondorio dramatikoagoak» ez izatea. «Arrazoi horiengatik guztiengatik, CIMADEk berresten du, beste behin, dramak baizik ekarri ezin ditzakeen pertsona atzerritarren aurkako borroka eta itxitura politika honen amaiera eta Hendaiako atxikitze zentroa ixtea beharrezkoa direla».

Igande gauean sute bat piztu zen Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan, eta bertan atxikita zeuden 24 pertsona ebakuatu behar izan zituzten. Sutea zentroko ziega batean piztu zen, 21:15 aldera, eta suhiltzaileak sugarrak azkar itzaltzeko gai izan ziren. Dena den, jasandako kalteen ondorioz, bi lagun eraman zituzten ospitalera. Bat, sutea sortu zen ziega barruan zegoen 22 urteko gizon bat; larri zegoen arnasturiko kearen ondorioz, baina haren bizia ez dago arriskuan. Bestea, 28 urteko beste gizon bat; zorabio bat jasan zuelako artatu zuten, baina goizerako ondo zegoen.

Poliziak ikerketa bat abiatu du gertaturikoa argitzeko, eta zentrotik ebakuaturiko pertsona guztiak Bordeleko eta Tolosako (Okzitania) atxikitze zentroetara eraman dituzte oraingoz. Gaur goizean, Nimesera (Okzitania) eraman dituzte beste bederatzi. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez, sutea nahita eragin zuen atxikitako pertsona batek, eta, zentroko polizia sindikatu baten arabera, «ihes egiteko» asmoz egin zuen.

CIMADE elkarteak xehetasun gehiago eman ditu gertatutakoari buruz, eta azpimarratu du uda honetatik gertatzen den hirugarren gertakari nabarmena dela, gehienez ere 30 pertsona hartu ditzakeen zentroan. «Larrialdien eztandak eta tentsioen gorakadak istiluak eragin zituen uztailaren amaieran, eta borroka bat iragan astean», azaldu du elkarteak, eta sutea iragan zen gauean izandako «disfuntzionamenduak» zerrendatu ditu. Igande gauean, atxikitako pertsona bat erietxera eraman zuten, baina gainerako 23 elkarrekin itxi zituzten, eskuburdinak jarrita. «Horien artean, COVID-19agatik bakartuak zituzten bi pertsona ere besteekin batera jarri zituzten», elkartearen arabera. «Atxikitako pertsona guztiak zentroaren solairuan sartu zituzten, berez sei pertsona hartzeko diseinatutako gune batean. Sutearen ondoren, gaur arte, oraindik kontua zen suteak jotako lekuak lehenbailehen garbitzea, solairua askatu eta jendea logeletara bidaltzeko».

Frantziako Barne Ministerioaren ardura

CIMADEk argi du: «Gaur-gaurkoz, ez dago inolako bermerik sugarrek eragina izan duten tokien segurtasunari dagokionez, ezta zentroaren gainerako tokiei dagokienez ere». Sutearen unean zentroan giltzapetuta zeudenek shock egoeran daudela diote. «Ondorio are dramatikoagoak izan zitzakeen gertaera hau [Frantziako Estatuko] atxikitze zentro guzietan dagoen testuinguru gogor eta degradatu batean txertatzen da. Mugak ixteagatik, luzatzen diren atxikitzeen baldintza larriengatik eta prefekturen eta [Frantziako] Barne Ministerioaren jarrerak gogortzeagatik, CIMADEk kezka handia du atxikitze zentroaren atxikitze baldintzak okerragotzeagatik, eta pertsonentzat dramatikoak izan daitezkeen ondorioengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.