Espetxeak

Artolazabalek Zaballako kartzela bisitatu du, espetxeetako langileen baldintzak airean daudela

Astebete falta da Jaurlaritzak kartzelen eskumena jasotzeko, eta oraindik ez du akordiorik lortu sindikatuekin langileen baldintzak zehazteko.

Beatriz Artolazabal sailburua eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria, Zaballako (Araba) kartzelara eginiko bisitan. @DENISITXASO
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 24a
14:03
Entzun

Mesedeetako Andre Mariaren eguna dela eta, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte sailburuak Zaballako (Araba) kartzela bisitatu du goizean, eta, Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren eskumena jasotzeko astebete falta dela gogoraraziz, adierazi du datorren ostirala «egun historikoa» izango dela. Dena den, urriaren lehena iritsi aurretik, oztopo nabarmen bat gainditu beharko du Artolazabalen sailak, sindikatuek ez baitiote oraindik oniritzirik eman kudeaketa berriaren pean espetxeetako langileek izango dituzten baldintzen negoziazioan.

Eskumen transferentzia horrek kezkatuta dauzka Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru espetxeetako langileak. Izan ere, hemendik aurrera izango dituzten lan baldintzak zehazteko negoziazioek oraingoz ez dute fruiturik eman, eta beste lanpostuetara edo erkidegoetara lekualdatuak izatea eskatu duten langileen kopurua ohikoa baino handiagoa izaten ari da.

Sindikatuek salatu dutenez, Jaurlaritza motz geratu da orain arte eginiko proposamenarekin, hiru espetxeetako ia 700 langileen baldintzak hobetu ez eta okertu egiten dituelako. Negoziazio mahaiko ELA, CCOO eta ACAIP-UGT sindikatuak astelehenean bildu ziren azken aldiz Berdintasun, Justizia eta Gizarte saileko ordezkariekin, eta geroztik proposamen berri baten zain egon dira.

CCOOk adierazi du jasotako azken proposamena «eskasa» izan dela, eta onartezintzat jo du «lortzea asko kostatu den enplegu baldintzak eskumen aldaketarekin galtzea». Ildo beretik, ELAk langileen soldatak, ordutegiak eta lanaldiak hobetzeko beharra azpimarratu du, eta lantaldea handitzeko lan eskaintza publiko bat egiteko beharra seinalatu.

Horiek horrela, Jaurlaritzak eta sindikatuek datorren astelehenean izango dute hurrengo aukera akordio bat lortzeko, negoziazioko alderdi guztiak elkartuko dituen Administrazio Orokorreko mahai sektorialean.

ELA: «Jaurlaritzak estatuko ereduari jarraipena eman nahi dio»

Artolazabalek gaur Zaballako espetxean eginiko bisita adibide gisa jarrita, Espainiako administrazioaren kudeaketa ereduari «jarraipena» eman nahi izatea leporatu dio ELAk Jaurlaritzari: «Espetxeen eskuduntza transferitzeko astebeteren faltan, Beatriz Artolazabal Zaballako zentroan egin den ekitaldian izan da Espainiako espetxeetako zaindariaren eguna ospatzeko. Horrek, bada, estatuko ereduaren jarraipena besterik ez du irudikatzen».

Sindikatuaren arabera, orain arte erakutsi duen jarrerarekin, Jaurlaritza «eredu propioa garatzeko aukera hipotekatzen» ari da, eta, «espetxe sistemaren eredu modernoago eta gizatiarrago baten aldeko propaganda instituzionala» egin beharrean, helburu hori betetzeko neurriak eskaintzea eskatu dio, besteak beste lan baldintzen arloan. Izan ere, ELAk gogorarazi du presoen gizarteratzea helburu izanik espetxe sistemak «presoen eskubide guztiak zorrotz errespetatu» behar dituela, eta adierazi du horretarako «ezinbestekoa» dela espetxeetako langileen baldintzak bermatzea.

Artolazabal: «Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik»

Berdintasun, Justizia eta Gizarte sailburuak, bere partetik, espetxeen kudeaketaren eskualdatze «lasaia» espero duela esan du goizeko agerraldian, urriaren 1a «espetxeen eguneroko bizitzan ostiral bat gehiago» izango dela azpimarratuz. Gainera, sailburuak bere «esker ona» adierazi die espetxeetako langileei beren lanarengatik, eta baita «zigor penalak betetzen dituzten pertsonei askatasuna berriro aurkitzen laguntzeko eginiko ahaleginagatik» ere.

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxaso ere Zaballan izan da, eta, Artolazabal bezala, itxaropentsu agertu da datorren astean gauzatuko den transferentziari begira, eta adierazi du Jaurlaritzak egingo duen kudeaketan «erabateko konfiantza» duela, eta ziur dagoela langileen baldintzak zehazteko sindikatuekin izaten ari diren bilerak irtenbide bat lortzeko balioko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.