Mozal legea

Klik egiten jarraitzeko ahotsak

Guardia Zibilak ‘mozal legea’ ezarri die ‘Ahotsa.info’ eta Ekinklik hedabideetako bi kideri, Lekarozko Aroztegia proiektuaren aurkako ekintza baten berri emateagatik: 600 euroko isun bana jarri diete. Kazetariok salatu dute ez dela lehendabiziko aldia, eta beren proiektuak «isilarazi» nahi dituztela.

‘Ahotsa.info’-ko Iñigo Orduña eta Ekinklikeko Arkaitz Zudaire. IñIGO URIZ, FOKU
edurne elizondo
2021eko urriaren 1a
16:02
Entzun

Klik egin, eta grabatu; klik egin, eta aurrean dagoena argazki bilakatu. Ahotsa.info eta Ekinklik hedabideetako kazetariek klik egiten jarraitu nahi dute, herri mugimenduen ahots izaten segitu. Eta horregatik salatu dute haien kontrako «enegarren» erasoa: mozal legea baliatuz —2015eko Espainiako Hiritarren Segurtasunerako Legea—, Guardia Zibilak 600 euroko isun bana jarri die hedabide digitalotako bi kazetariri, Lekarozko Aroztegia proiektuaren aurkako ekintza baten berri emateagatik. «Isilarazi» nahi dituztela salatu dute kideok, baina garbi erran dute lanean jarraituko dutela.

«Tamalez, ohitu gara mozal legeari aurre egin behar izatera». Horixe nabarmendu dute Iñigo Orduñak —Ahotsa.info— eta Arkaitz Zudairek —Ekinklik—, isuna jaso duten bi berriemaile grafikoek. Ez da lehenengoa. Oraingoa, apirilean egindako lan batengatik jarri diete. Aroztegia proiektuko lanak hasi zituzten Lekarozen, apirilaren 8an. Kanpaldia antolatu zuten egitasmo horren kontrakoek; herritar talde bat, gainera, makinen aurrean jarri zen, eta obrak geldiaraztea lortu zuen. Ekintza jarraitu zuten kazetarien artean ziren Orduña eta Zudaire; Guardia Zibilak biak identifikatu zituen.

«Irailaren 9an jaso genuen gutuna; guardia zibilen irudiak erakutsi izana egotzi digute, horrek arriskuan jartzen omen dituelako», azaldu dute kazetariek. Helegitea aurkeztu dute isunaren aurka, eta emaitza ona izan daitekeela uste du Zudairek. «Zabaldutako irudietan ez da guardia zibilen aurpegia ageri: musukoarekin daude, txapela edo kaskoa jarrita. Ez da egia identifika ditzaketela». Gehiago erran du Ekinklikeko argazkilariak: «Ez badute beren aurpegia ateratzea nahi, estal dezatela: haien esku dago».

Oinarrian dagoen eztabaida «adierazpen eta informazio askatasunaren ingurukoa» dela nabarmendu du Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko buru Jose Luis Larrionek, eta zalantzarik ez du mozal legeak askatasun horren «aurka» egiten duela. Elkarteak babesa agertu die Ahotsa.info eta Ekinklikeko kideei.

«Mozal legeak dio ezin ditugula Espainiako Segurtasun Indarren irudiak zabaldu irudi horiek arriskuren bat eragiten badiete; baina nork erabakitzen du hori? Espainiako Segurtasun Indarrek», salatu du Larrionek. Erantsi du berriemaileen lana dela Poliziaren jarduera dokumentatzea, «gehiegikeriak» gerta ez daitezen. «Gure irudiak zabaltzea interesatzen ez bazaie, baina isunekin datoz. Beldurra eragiten dute, nolabait, eta ziurgabetasuna beren alde erabiltzen dute».

Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteak behin baino gehiagotan eskatu du mozal legea bertan behera utz dezatela; Nafarroako Parlamentura ere eraman dute aldarri hori. «Lege horrek gure lana oztopatzen du, eta ekar dezake berriemaileok autozentsuraren alde egitea; hori da okerrena», nabarmendu du Larrionek.

Hedabide jakinen aurka

Autozentsura du legeak helburu, hain zuzen, Ahotsa.info-ko eta Ekinklikeko kideen ustez. Nabarmendu dute, gainera, legea baliatzen dutela «hedabide jakin batzuen aurka» egiteko. «Gu txikiak gara, herri mugimenduetatik sortutakoak, herri mugimenduen berri emateko; bertze begirada bat bilatzen dugu, eta hori da, hain zuzen, gustuko ez dutena», aipatu du Orduñak. «Behin eta berriz errepikatzen dute ezin ditugula polizien irudiak grabatu, baina hori gezurra da. Grabatzen ahal ditugu, eta, are gehiago, grabatu behar ditugu», erantsi du, sutsu.

Kazetarien lana oztopatzea «ohituratzat» hartu du Poliziak, Arkaitz Zudairek berretsi duenez, eta onartu du mozal legearen gisako «mehatxuek» baldintzatzen dutela, neurri batean, hedabideen lana. Gaineratu du, halere, berriemaileen aurkako neurriek erakusten dutela «ongi» ari direla.

Bide malkartsua

Isun eta debeku arteko lana, baina, ez da samurra. Ahotsa.info-ko Iñigo Orduñak oroitu du aurretik sortutako zenbait komunikazio proiektu itxi egin dizkietela. Apurtu.org izan zen lehena; hedabide horren aurkako auziagatik, hain zuzen, Ahotsa.info-ko kide Miguel Angel Llamas Pitu hemezortzi hilabetez egon zen espetxean, behin-behinean. Kasua artxibatu egin zuten, azkenean.

Apurtu.org proiektua itxi eta gero, Ateak Ireki jarri zuten martxan, baina hori ere bertan behera utzi zieten. Ahotsa.info da haren lekukoa hartu zuena. Gorabeherak izan ditu bidean ere. Orduñak gogoratu du, bertzeak bertze, Carmen Albak, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izandakoak, gutun bat bidali ziela, 2015ean, mozal legea ezartzeko aukerarekin mehatxatuz.

Ekinklik proiektuko kideek ere hamaika oztopori egin behar izan diote aurre. Hamar urteko bidea egin dute jada. Zudaire duela bi hasi zen parte hartzen. Poliziaren trabak «eguneroko» kontu bilakatu direla erran du. «Furgoneta aurrean jartzen dute, adibidez, deus ikus ez dezagun». «Tentsio handiko» momentuak ere baditu gogoan. «Gure kontra ere oldartzen dira, eta jasotzen ditugu kolpeak».

Aroztegiko isunaren auzia argitu bitartean, bertze baten bat jasotzeko aukera ez dute baztertu kazetariek. Arrotxapeko gaztetxea hustu zuteneko eguna du Orduñak gogoan. Polizia gogor oldartu zitzaien protestan ari zirenei, eta Ahotsa.info eta Ekinklikeko kideak han izan ziren. Klik egiten; izan ohi ez dutenei ahotsa ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.