Datuak

62 kasu positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian

Atzo egindako proben %2,5ek eman dute positibo Hegoaldean. Eusko Jaurlaritzak gaur ezagutarazi ditu datuak, eta datorren astelehenera arte ez ditu berriro eguneratuko.

Gasteizko tranbian herritarrak maskara jantzita, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 11
12:58
Entzun

Datuek berresten dute pandemiaren bilakaerak beheranzko joera hartua duela Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman berri dituzten datuen arabera, 62 positibo atzeman ziren atzo egindako testetan. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 2.465 proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak igandean, eta %2,5 izan da positiboen ehunekoa.

Zehazki, herrialdez herrialde, Bizkaian detektatu dituzte positibo gehien: 21 positibo zenbatu dira. Nafarroan, hemezortzi kasu atzeman dituzte; Gipuzkoan, hamazazpi, eta Araban, berriz, lau.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguneratu ditu pandemiari eta txertaketari lotutako datu guztiak, eta, hemendik aurrera, astelehenetan baino ez du zabalduko informazio hori. Gaur emandako datuen arabera, atzo hamar lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren menpeko osasun zentroetan gaitzarekin, eta une honetan 29 eri daude larri ZIUetan. Nafarroan, berriz, pertsona bat ospitaleratu zuten, eta hura zuzenean ZIUetara eraman zuten. Hori horrela, bi gobernuetako osasun agintariek emandako datuak kontuan harturik, une honetan guztira 33 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri.

Azken egunetan birusarekin zendutakoen kopurua ere eman dute bi gobernuek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, joan den astelehenetik ostegunera bitarte zazpi pertsona hil ziren gaitzarekin. Nafarroan, berriz, pertsona bat hil da gaitzarekin epe horretan. Orotara, beraz, zortzi lagun hil ziren Hego Euskal Herrian joan den astelehenetik ostegunera gaitzak jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.