Alderdi politikoak

EH Bildu: «Hispanitatearen Egunak Espainiako estatuaren inposizio eredua islatzen du»

Hispanitatearen ospakizun eguna salatu du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak, eta azaroaren 20an Bilbon deitutako manifestaziora joateko deia egin du.

Barkartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 12a
12:14
Entzun

Gaur, urriaren 12an, Espainiak Hispanitatearen Eguna ospatzen du, eta Hego Euskal Herrian jai egun ofiziala da. EH Bildurentzat, baina, gaur ez dago zer ospatzerik: «Subiranistok eta independentistok ez dugu ezer ospatzeko». Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako parlamentariak agerraldia egin du Iruñean, eta salatu du gaurko egunak «Espainiako inposizioaren eredua» islatzen duela, hau da, «uniformizazioarena, inperialismoarena eta zentralismoarena». Marko horren bitartez, «hizkuntza eta identitate bakarraren eredua ere» inposatu nahi dela salatu du, eta adibide gisa jarri du azkenaldian Nafarroan euskararen aurka izandako erasoak. Horri loturik, datorren urtean LORAFNA ezarri zenetik 40 urte beteko direla gogoratu du Ruizek, eta salatu haren bitartez Nafarroa «Espainiako probintzia soil bat bailitzan» irudikatu nahi dela.

Gaurko datari beste data bat kontrajarri nahi dio EH Bilduk: datorren azaroaren 20an Bilbon deitutako manifestazio nazionala, hain justu. Egun horretan, Santi Brouard eta Josu Muguruza omenduko dituzte, eta izurriaren ostean, jendea «berriz elkartzeko» topalekua izatea nahi dute, Ruizek azpimarratu duenez. Ez dela ohiko mobilizazio bat izango ohartarazi du EH Bilduko parlamentariak: «Frankismo soziologikoa inoiz baino biziago azaleratzen ari zaigu, eta estatu terrorismoaren zantzu berriak ere mahai gainean ditugu». Hala, manifestazio horrek «herri burujabe, euskaldun, feminista eta justua nahi duten guztiak» interpelatzen dituela esan du Ruizek, baita «atzoko eta gaurko antifaxismoarekin» engaiatutako guztiak ere. Hori hala, azaroaren 20an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du.

Ernairen protestak kalean

Ernaik Hispanitate egunaren aurkako protestak deitu ditu gaur Euskal Herriko hainbat tokitan. «Gazte independentistok ez dugu ezer ospatzeko. Kontrara: 1978ko erregimenari arrakalak bideratzeko eguna da gaurkoa, erregimena eta bere zutabe guztiak eraistekoa», adierazi du ohar batean. Ernairen ustez, bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko «aukera zabalik dago», eta erronka nagusi gisa ezarri du «euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea» egitea. Gaur ez ezik, egunerokoan ere gazte independentistek «etorkizun justu bat eskainiko duen herri askea eraikitzen hasteko» parada dutela nabarmendu du gazte mugimenduak agiri batean.

Guardia Zibilaren aldeko ekitaldiak

Hispanitatearen aldeko ospakizun nagusia Madrilen egiten ari dira gaur; Espainiako errege-erreginak buru, Espainiako Gobernuko ministroak eta erkidegoetako presidente ugari daude bertan desfile militarra ikusten. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite han da. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ordea, ez da Madrilgo ospakizunetara joan.

Bestalde, Gasteizko Sansomendi auzoko Guardia Zibilaren kuartelean ekitaldia egin dute goizean, eta bertan izan da Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Itxasok adierazi du Espainia «kontzeptu kultural irekia eta barneratzailea» dela, eta «pluralismoa eta pertenentzia sentimendu ugari» bere baitan hartzen dituela. Guardia Zibila zoriondu egin du egiten duen lanagatik; azpimarratu du «leialtasunarekin» engaiatuta dagoela eta «bizikidetza eta tolerantzia» bermatzen dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.