Albistea entzun

Powell: «Espainia ez zegoen prest negoziatzeko; hegal bakarrarekin hegan egitea bezala zen»

Hasi dira Aieteko Konferentziaren urteurren ekitaldiak. Hiru egunez, jardunaldiak eginen dituzte Donostian eta Baionan. Ekitaldien berri luze eta zabal ematen ari da BERRIA, paperean eta sarean, eta zuzenean ikusi ahal izango dira webgunean, euskaraz. «Aieteko espiritua berreskuratzea» da jardunaldien helburua, Foro Sozialaren esanetan. Hitzaldi bat eta mahai inguru bat izan dira gaur, Aieteko Jauregian.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko urriak 14

Igandean, urriak 17, hamar urte beteko dira Donostiako Aieteko jauregian Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutenetik, eta, urteurren «borobila» baliatuta, jardunaldiak antolatu dituzte Donostian eta Baionan. Gaur, Aieteko jauregian; etzi, Kursaal jauregian; eta larunbatean, Baionako Henri Grenet auditoriumean. Foro Sozial Iraunkorrak, Conciliation Resources erakundeak, Berghof fundazioak eta Bake Bideak elkarlanean antolatu dituzte ekitaldiak, eta Euskal Herriko alderdi eta sindikatu ia guziek parte hartuko dute. «Aieteko espiritua berreskuratzea» zen jardunaldien helburuetako bat, Foro Sozialaren hitzetan; «izan ere, duela hamar urte, hain aktore ezberdinak bildu zituen, norabide berean arraunean».

Ekin diote bideari: Bakerako erronkak COVID-19aren osteko egoeran izenburuko hitzaldia hasi dute 16:00etan. «Bake prozesuetan metatutako esperientzia oparotik eta gaur egun NBEn daukan goi mailako arduratik abiatuta, osasun krisiaren eragina eta COVID-19aren osteko erronkak eta aukerak aztertuko ditu», antolatzaileen hitzetan. Zehazki, Martin Griffith NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkariordearen eta Larrialdi Laguntzako koordinatzailearen hitzartzeekin abiatu dute tartea.

Hitzaldiaren segidan, Bake prozesuen garapena azken hamar urteetan mahai ingurua egin dute Aieteko jauregian. Hauek aritu dira hizketan: Jonathan Powell, bitartekaritzan eta gatazken konponketan aritzen den Inter-Mediate zentroaren sortzaile eta zuzendaria, eta Tony Blair lehen ministro britainiarraren kabineteko buru ohia; Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Concentric Alliance gatazka konponketarako erakundearen sortzaile eta zuzendaria; Teresa Witfield, ETAren amaiera landu duen nazioarteko aditua; eta Sergio Jaramillo, Caro Bakearen Europako Institutuko goi aholkularia. John Carlin kazetariak egin ditu moderatzaile zereginak. Nor beretik, sakonki aztertu dituzte Aieteko Konferentziaren aurreko eta ondoko prozesua.

Batik bat, lorpenak eta trabak izan dituzte hizpide nazioarteko adituek. Besteak beste, Jonathan Powellek nabarmendu du Aieteko Konferentziak berebiziko garrantzia izan zuela, eta egiazkoa izan zela han gertatutakoa. «Esaten dutenek Aieteko Konferentzia soilik antzezpena izan zela, ez daude zuzen». Halaber, gogora ekarri ditu agintariek jarritako oztopoak ere: «2011n aldaketa egon zen Espainiako Gobernuan, eta ez zegoen prest negoziatzeko. Hegal batekin hegan egitea bezala zen. Prozesua luzatu egin zen. Benetako arriskua egon zen». Hain zuzen, Espainiak ezarritako trabei erreparatu die Brian Currinek ere. Esan duenez, Espainiako Gobernuak (PP) «bere esku zen guztia» egin zuen haren lana eragozteko. Halaber, eskerrak emateko hitzak ere izan ditu Currinek: «Eskertuta nago Euskal Herriari, beti ongietorria egin didalako eta babes osoa eman didalako. Bestela, lan hura utzi egingo nukeen».

Hitzaldi sorta oparoa eskainiko dute datozen egunotan. Aiete hamar urte. Irakaspenak eta erronkak izenburua eman diote. Hain justu, 2011ko konferentziak utzitako ondarea eta aitzinera begirakoak aztertuko dituzte hiru eguneko mintzaldietan. Lau erakunde antolatzaileen artean adierazpen bat onartu dute, jardunaldiei eman nahi dieten zentzua esplikatzeko. «Gure ustez, urteurren hau abagune egokia da azken hamarkadan Euskal Herriko gatazkaren eraldaketan lortutako aurrerapenak gogoratzeko eta ospatzeko —nahiz eta oraindik ere hainbat oztopo eta erronka dauden—, eta, horrekin batera, pandemiaren osteko mundu berri honetan bakearen arloan ditugun erronkak aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta euskal prozesuaren irakaspen eta erronken inguruan hausnartzeko».

«Goi mailako protagonistek» parte hartuko dute solasaldietan. Gaur arituko diren hizlariak ez ezik, jardunaldietan arituko dira, besteak beste, Andy Carl, Veronique Dudouet, eta Caroline Guibet Lafaye ere, guztiak ere nazioarteko gatazketan aditu eta arituak. Horien ondoan arituko dira Euskal Herriko eragile eta hautetsi andana, haien ikuspegia emateko eta ekarpenak egiteko.

Ondoko egunetarako ere egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Hitzaldiak luze eta zabal jorratuko ditu BERRIAk, papereko eta Interneteko edizioen bidez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu —erdian—, Beatriz Artolazabalen eta Maria Jauregiren artean, atzoko ekitaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Urkulluk esan du ETA «hanka sartzea» izan zela, «hasieratik amaieraraino»

Gotzon Hermosilla- Joxerra Senar

«Memoria zintzoa» aldarrikatu du ETAren biktimak gogoratzeko ekitaldian. Txibitek positibotzat jo du ezker abertzaleak «eragindako mina aitortu izana»

Sortuko ehunen bat kide, atzo, Donostian plazaratutako adierazpenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Bakerako eta elkarbizitzarako «ausardiaz» segituko du Sortuk

Enekoitz Esnaola

«Aterabide demokratikoa» eskatu du ETAren jarduera armatuaren bukaeraren 10. urteurrenean

Biktima guztientzat errekonozimendua eskatzen duen kartel bat, Eusko Legebiltzarraren parean. ©JUANAN RUIZ / FOKU

Memoria duen etorkizunera

Iosu Alberdi

EAEko Ahal Dugu-k «espazio partekatu bat» eraikitzeko beharra adierazi du. Sozialistek «demokraziaren garaipena» aldarrikatu dute; Covitek ukatu egin du halakorik gertatu izana

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Kongresuan, gobernuaren kontrol saioan. ©EMILIO NARANJO / EFE

Aurrekontuak ere epizentroan

Jon O. Urain

Otegiren adierazpenen harira, Sanchezek esan du ez dituela askatuko presoak EH Bilduk kontuak babestearen truke. PPk EH Bildu «zuritzea» leporatu dio Espainiako Gobernuari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.