Indarkeria matxista

Euskal erakundeek «irmoki» gaitzetsi dute atzoko hilketa matxista

Elkarretaratzea egin dute gaur, 12:00etan, Gasteizko Plaza Berrian. Besteak beste, Gasteizko Udalak, Arartekoak eta Gipuzkoako PSE-EEk arbuiatu dute hilketa. Gasteizko Mercedes enpresan ekoizpena hogei minutuz geldituko dute bihar, hilketa gaitzesteko.

jarraia204447.jpg
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko urriaren 13a
12:41
Entzun

Elkarretaratzea egin dute Gasteizko Plaza Berrian, 12:00etan, atzoko hilketa matxista gaitzesteko, Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean; gizon batek neska laguna hil zuen Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean, eta bere buruaz beste egin zuen jarraian.

Emakundek eta Gasteizko Udalak deitu dute elkarretaratzera, eta bertan izan dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, eta Arabako erakundeetako ordezkariak. Artolazabalek «babesa» adierazi die biktimaren familiari eta gertukoei, eta gogorarazi du «egiturazko indarkeria baten aurrean gaudela». Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean «jarrera aktiboa» izateko deia egin dio gizarte osoari, eta azaldu du «ahalik eta lasterren» onartu behar dela Euskadiko Berdintasun Legea.

Gasteizko Udaleko bozeramaileen batzordea bildu da gaur goizean, besteak beste, atzo gertatutako hilketa salatzeko adierazpen bat kaleratzeko. Udalak «irmoki» gaitzetsi du hilketa matxista, eta «babesa eta hurbiltasuna» adierazi die biktimaren gertukoei. Udalak adierazi du lanean jarraituko duela «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko».

Bozeramaileen batzordean kaleratu duten adierazpen instituzionalean nabarmendu dute indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa larria» eta «lehen mailako gizarte arazo» bat dela. Gaineratu dute ez dela «ekintza bakan bat», baizik eta «gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen sare bat».

Gipuzkoako PSE-EEk ere «erabat gaitzetsi eta arbuiatu» du «krimen matxista», eta adierazi du «izugarrikeria hori gelditzeko» lanean jarraituko dutela. Susana Garcia Chueca Gipuzkoako PSE-EEko Gizarte Politikako eta Berdintasuneko idazkariaren arabera, «albiste ona» da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri izana genero indarkeriari buruzko Europako lege bat bultzatzeko borondatea.

Arartekoak ere bere «arbuioa, erabateko gaitzespena eta samina» adierazi ditu «krimen lazgarri» horrengatik, eta herritarrei eta agintari publikoei deia egin die Gasteizen egin duten elkarretaratzean eta «gaitzespen ekintzak antolatzen diren Euskadiko beste toki guztietan» parte hartzeko.

Gasteizko Mercedes enpresan ere egingo dituzte hilketa gaitzesteko ekintzak; izan ere, biktima enpresa horretako langilea zen. Jakinarazi dutenez, elkarretaratzera deitu dute bihar eguerdirako, fabrikako hiru sarreretan, Eraso sexistarik ez! lelopean, eta ekoizpena hogei minutuz geldituko dute. Gaur, gainera, txanda bakoitza amaitzean minutu bateko isilunea egiteko deia egin dute.

Emilio Titos Mercedeseko zuzendari nagusiak eta Igor Guevara enpresa batzordeko presidenteak ohar bidez gaitzetsi dute «hilketa matxista», eta langile guztien izenean «elkartasuna eta babesa» adierazi diete senideei, gertukoei eta lankideei. Zuzendaritzak eta batzordeak, gainera, «gaitz sozial honekin amaitzeko beharrezko baliabideak» jartzeko «konpromisoa» azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.