Emakumeak Zientzian egitasmoak seigarren edizioa izango du otsailean

Hamazazpi euskal erakundek gaur sinatu dute lankidetza hitzarmen berria, otsailaren 11n egun osoko programazioa antolatzeko. Zientzia «nesken kontua» ere badela zabaldu nahi dute sustatzaileek programa horren bidez.

Emakumeak Zientzian ekimeneko antolatzaileak.
jone arruabarrena
2021eko urriaren 15a
18:14
Entzun

Hamazazpi euskal erakundek gaur sinatu dute lankidetza hitzarmen berria: guztien artean antolatuko dute Emakumeak Zientzian egitasmoaren seigarren edizioa. Otsailaren 11n izango da, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, eta zehazki erakunde hauek emango diote bultzada egitasmoari: Polymat, CIC Nanogunea, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC Biomagune, Biodonostia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, Ceit, Eureka zientzia museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «programa zabal bat» diseinatuko dute, zientzia «nesken kontua» ere badela zabaltzeko. Horretarako, hainbat helburu zehaztu dituzte: «Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea, eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea».

Urteetako bidea

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016. urtean izendatu zuen otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Urte bat geroago, 2017an, Donostiako CIC Nanogune ikerketa zentroak sentsibilizazioeta dibulgazio jarduerak egin zituen, eta hurrengo bi urteetan Materialen Fisikako Zentroak (CFM CSIC-EHU), Donostia International Physics Center (DIPC) eta CIC Biomagunek bat egin zuten Emakumeak Zientzian egitasmoarekin.

Proiektua urtez urte handituz joan da, eta 2020. urtean bederatzi erakunde batu ziren ekimenera. Iragan otsailean, berriz, hamaika sustatzailek parte hartu zuten, eta aurten hamazazpira igo da kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.