Euskara

Udaletako hizkuntza politiken inguruko jardunaldiak egingo dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak

'Udalak eragile' izenpean hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte Donostian, azaroaren 18an eta 19an. Tokian tokiko praktiken eta esperientzien trukerako «foroa» izatea nahi dute antolatzaileek.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordea jardunaldien aurkezpenean, gaur goizean, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 19a
12:20
Entzun

Tokiko hizkuntza politikak aztergai izango dituzte azaroaren 18an eta 19an Donostiako Miramar jauregian. Xede horrekin, Udalak eragile jardunaldiak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Herri eragileek eta herri erakundeek «kezka batzuk» partekatzen dituztela azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eta elkarrekin banatzen duten ikuspegi horrek eraman dituela horrelako «foro» bat sortzera.

Hausnarketa, hala ere, bi entitate horietatik haragokoa izatea nahi dutela nabarmendu du, eta udaletan jarri dute arreta, horiek direlako Bilbaoren nahiz Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, «herritarrengandik hurbilen dauden» erakundeak. «Interesgarri ikusi genuen azterketa bat egitea: zer egiten ari den gure udaletan; besteak beste, ikusteko zer-nolako praktika egokiak egon daitezkeen, eta horrek ere balio dezan informazio truke baterako», zehaztu du Bilbaok. Praktika horiek «partekatzeko plaza» izatea nahi du.

Jardunaldiak udalei «aitortza egiteko» izatea ere nahi dutela nabarmendu du Dobaranek, haren arabera, haiek baitituzte «euskara planik eraginkorrenak abian». Bilbaoren ildo beretik, tokian toki egiten diren lanketak elkarrekin banatzeari garrantzia eman dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: «Praktika onak eta eraginkorrak partekatzea ezinbestekoa da, herri guztietan egiten ari denaren katalogo osoa izateko, eta tokian-tokian behar diren egitasmoak martxan jarri ahal izateko».

Lankidetzaren beharra ere nabarmendu du, «euskara biziberritzeko prozesuaren fase honetan». Euskararen erabilera sustatzeko lanak ezaugarrituko du fase hori, dioenez. Horrek «prestakuntza», «plangintza sendoak» eta elkarlana eskatuko dituela erantsi du, «erronkak handiegiak» baitira, haren iritziz: «Ez da hain automatikoa ezagutzatik erabilerara pasatzea».

«Gazteengandik, gizarte eragileengandik eta herritarrengandik sortzen diren proiektuak bultzatzeak» izan behar du Eusko Jaurlaritzaren zeregina elkarlan horretan, Dobaranek adierazi duenez; «behetik gorako politika» defendatu du.

«Adituak eta arituak»

Jardunaldien egitarauan «ikuspegi juridikoa, praktikoa eta teknikoa» presente egotea nahi izan dutela azaldu du Bilbaok, eta, horretarako, adituen nahiz arituen parte hartzea izango dutela. Alba Nogeira Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakaslearen hitzaldiarekin abiatuko dute programa. Galdera zehatz bati erantzun beharko dio hark, Bilbaok zehaztu duenez: «Zein da gaur egun udalek daukaten autonomia hizkuntza politika egiteko?». Egungo legediak «euskarazko zerbitzuak eskaintzeko» eta «euskaraz lan egiteko» zer berme ematen dituen azalduko du Nogeirak. Ikuspegi juridikoari erreparatuko diete Iñigo Urrutia eta Iñaki Agirreazkuenaga EHUko zuzenbide irakasleek ere, Bilbaok aurreratu duenez.

Bestalde, udal teknikarien ikuspegia ere jaso nahi izan dutela azpimarratu du Bilbaok, euskarazko zerbitzuak eskaintzeko nahiz euskaraz lan egiteko «zer-nolako estrategiak erabili izan dituzten» eta «zer-nolako oztopoak izan dituzten» azaldu dezaten. Lau teknikariren testigantzak izango dira: Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zerbitzuko buruarenak, Idoia Zabaltza Agoitz eta Aezkoako Euskara zerbitzuko teknikariarenak, Maite Zarate Bermeoko Udaleko Euskara zerbitzuko buruarenak eta Manex Agirre Gorbeiako Kuadrillako Euskara zerbitzuko teknikariarenak.

Egitarau osoa ikusgai jarri dute Kontseiluaren webgunean, eta izen ematea ere zabalik dago; doakoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.