Koronabirusa

COVID-19aren kontrako txertoaren prototipo bat patentatu du Nafarroako ikerketa talde batek

Nafarroako Unibertsitateko eta Cima ikerketa taldeko zientzialariek garatu dute; agertuz joan daitezkeen birus aldaerei aurre egiteko erraz moldatzeko erakoa dela azaldu dute.

arantxa iraola
2021eko urriaren 21a
14:00
Entzun

Esan dutenez, Nafarroako Unibertsitateko eta Cima ikerketa taldeko hainbat arlotako zientzialarien arteko elkarlanaren emaitza dela COVID-19aren kontrako txertoaren prototipoa, eta egiaztatua duela ja eraginkortasuna animaliekin egin dituzten probetan. Horiek horrela, patentatu egin dute prototipoa, hemendik aurrera klinikaren aurreko faseei ekin ahal izateko, eta onbidean, klinikoei.

Birusaren S proteinari begira garatu dira orain arte txerto asko, baina prototipo honetan proteina horren «zati minimo» batzuei erreparatu dietela azaldu dute zientzialariek, infekzioaren aukako babesa lortzeko erabakigarriak diren horiei. «Era horretan, propio eremu horretan bakarrik antigorputzak garatzen dituen txerto bat diseinatu dugu», azaldu dute Juan Jose Lasarte eta Pablo Sarobe ikertzaileek.

Ezaugarri horren ondorioz, «txertoa sintesi kimikoaren» bidez presta daitekeela nabarmendu dute, «homogeneoa eta egonkorra» den prozesu baten bitartez egin daitekeela, eta etor daitezkeen birusaren aldaeretara erraz moldatu ahal izango dela. Era berean, adierazi dute espero dutela prototipoa oinarri hartuta txerto bat garatu ahal izatea azpiegitura urriak eta hozkailu bereziak-eta ez dituzten lekuetan erabiltzeko modukoa.

Emerging Microbes and Infections argitalpenean eman dute egindako lanaren berri, eta, Wuhanen zabaltzen hasi zen birusaren kontra bakarrik ez, atzetik heldu diren aldaeren kontra egiteko ere balio duela esan dute. «Txerto honen helburua ez da ja gure inguruan dauden txertoekin lehian jardutea; baina zein erraz gara daitekeen ikusita, hautu egokia izan daiteke oraindik txertoa lortzeko erarik ez duten herrialdeetarako».

Urte eta erdiko lana behar izan dute prototipo hau garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.