Sexu erasoa

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, beste bati sexu eraso bat egitea egotzita

Florida parkean gertatu zen erasoa. Udaltzaingoak epailearen esku utzi ditu bi atxilotuak. Bata 28 urtekoa da, eta bestea, 35 urtekoa.

LGTBIfobiaren aurkako manifestazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 25a
17:56
Entzun

Gasteizko Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen larunbatean, Florida parkean beste bati sexu eraso bat egitea egotzita. 07:15ean jaso zuten abisua udaltzainek. Udaltzaingoaren arabera, biktimak emaniko deskribapenarekin bat zetozen bi gizon aurkitu zituzten ingurumarietan. Atxilotu, eta epailearen esku utzi zituzten.

Gertakari hori ikusirik, Ikusgunek, Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak, elkartasuna adierazi dio erasoa pairatu duen gizonari, eta laguntza eskaini: «Haren esanetara gaude gure esku dagoen guztirako». Ikusgunek azaldu duenez, azken hori kontatuta 28 dira LGTBI kolektiboaren aurka Araban izandako erasoak: horietatik 23 Gasteizen gertatu dira. Bildutako gertakari guztien artean, hamar eraso fisikoak dira; 12, gorroto diskurtsoak; eta sei, «sexu orientazioagatiko edo genero identitateagatiko bazterketak».

Behatokiaren arabera, «politika feministak indartuz bakarrik eten daiteke egun dugun indarkeriaren gorakada». Ezinbestekotzat jo dute politika horiek «zeharkakoak» izatea, «eta erakundeen, mugimendu feministaren eta LGTBIren arteko lankidetza estuan» eginak. Azken hilabeteetan gertatutako erasoek, kezka ez ezik, «ardura handia» ere eragin diela salatu dute Ikusguneko ordezkariek, «pertsona guztiek baitugu espazio publikoa askatasun osoz erabili ahal izateko erantzukizuna». «Horregatik, jendarte feministagoa, bidezkoagoa eta berdinzaleagoa sustatzen duten ekimenen aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, astero ezagutzen ditugun indarkeriez kexatzen jarraitu beharrik izan ez dezagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.