Futbola

Realak 0-2 irabazi dio Celtari

Isakek eta Aritzek sartu dituzte golak, bigarren zatian. Realak lidergoari eutsi dio

Celtaren eta Realaren arteko gaurko neurketako irudi bat. SALVADOR SAS / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 28a
21:05
Entzun

Lehiaren bezperan esan zuen Imanol Alguacil Realeko teknikariak ez zegoela igandean jokatuko den Athleticen kontrako derbiari begira, eta hurrengo partida zela garrantzitsuena: Celtaren aurkakoa. Esan eta egin. Ez du inor gorde Imanolek, eta artilleria osoa zelairatu du. Ez da damutu. Realak 0-2 irabazi dio Galiziako taldeari, eta beste hiru puntu poltsikoratu ditu, Isakek eta Aritzek bigarren zatian sartutako golei esker. Hala, lidergoari eutsi dio Realak: 11 partida jokatuta, 24 puntu pilatu ditu.

Hamaikakoan ezusteko nagusia Ryanen presentzia izan da. Imanolek atseden eman dio Realeko atezain titularra den Remirori, eta aukera bikain aprobetxatu du australiarrak. Ez du golik jaso, eta merituzko geldiketak egin ditu. Bigarrenez aritu da ligan atea zaintzen. Zubimendi ere hasieratik aritu da, lesiotik osatu berritan. Halaber, Diego Ricok bere lehen minutuak jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin.

Neurketa irekia espero zen, eta hala izan da. Celtak izan du baloiaren jabetza lehen minutuetan, eta hark eman du aurreneko abisua. Relaren korner baten ostean, kontraeraso azkar bat josi du, baina Nolitoren jaurtiketa kanpora joan da. Jarraian, Ryanek geldiketa ona egin du. Arriskua sortzen hasi da Celta, zelaian hobeto zela, eta bizi jokatzen.

Kostatu zaio Realari partidan sartzea, baina txuri-urdinak ere erraz iristen ari ziren Celtaren area ingurura. 11. minutuan izan du Realak aurreneko aukera: Januzajek gehiegi gurutzatu du baloia, eta gutxigatik kanpora joan da. Hurrengo minutuan, Isaken jaurtiketa atezainak urrundu du. Apurka orekatzen joan dira indarrak, eta trabatu egin da jokoa. Suediako aurrelariaren abiadura baliatzen saiatu dira txuri-urdinak, baina ez dute min gehiegi egin. Txispa bat gehiago behar zuen Imanolen taldeak.

Celtarenak izan dira lehen zatiko azken minutuak ere. Atsedenaldiaren atarian, izugarrizko geldiketa bikoitza egin du Ryanek, eta salbatu egin du Reala. Eskertu du Realak atsedenaldia. Sustoarekin joan dira aldageletara txuri-urdinak, baina markagailua hutsean zela. Hori izan da onena. Ez zen nahi bezala ari Reala: horren seinale atezaina izatea lehen 45 minutuetan gehien gailendu den jokalaria.

Bigarren zatiak ere antzerako gidoia izango zuela zirudien. Baina Realak eman du kolpea, 53. minutuan. Portuk Januzaji pasatu dio baloia, eta honen jaurtiketa atezainak gelditu ondoren, aldaratzean bakar-bakarrik errematatu du Isakek. Hasiera batean epaileak baliogabetu egin du gola, jokoz kanpo seinalatuta; VAR sistemaren bidez, baina, ontzat eman dute gola.

Galiziako taldea ez da kikildu, eta asko estutu du hurrengo minutuetan. Berriro ere Ryanek esku hartu behar izan du, beste geldiketa bikoitz batekin. Sufritzea tokatu zaie txuri-urdinei, baina eutsi dute Celtaren erauntsia. Partida hautsita zegoen, eta aldaketak egitea erabaki du Imanolek. Zelai erdia indartu du Turrientes eta Zubeldia sartuta, eta aurrean Sorloth zelairatu du.

76. minutuan gola sartu du Celtak, baina Brais Mendez jokoz kanpo zegoen. Balio izan duena Realarena izan da. Turrientesen kornerra sareetara errematatu du Aritzek, eta 0-2koa jarri du markagailuan, lehia ixteko; beasaindarren arteko konexioak hauspoa eman dio taldeari. 79. minutua zen.

Realaren bigarrena zanpateko handia izan da Galiziako taldearentzat, eta azken minutuetan Ryanek ez du lan handirik izan. Hala, urrezko beste hiru puntu eskuratu ditu Realak, partida distiratsua egin ez badu ere. Txuri-urdinek derbian dute dagoeneko burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.