Histamina intoxikazioak hogei ikastetxetako 111 ikasleri eragin zien

Elikagai kutsatuko sorten banaketa bi ordu barru eten zutela adierazi du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Ikerketaren emaitzaren zain dago Hezkuntz Saila.

Ikasleak, Azkaingo (Lapurdi) ikastetxe bateko jangelan. GUILLAUME FAUVEAU
2021eko urriaren 29a
15:51
Entzun

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, joan den astean hainbat ikastetxetako jangeletan egon zen histamina kutsatzeak hogei ikastetxetako 111 ikasleri eragin zien. Hogei ikastetxe horietatik hamazazpi Gipuzkoan daude, eta hiru, Bizkaian. Horietan, 1.705 ikasle daudela ere azpimarratu du, kutsatzearen tamaina mugatzearren, nahiz eta ez duen zehaztu horietatik zenbatek erabiltzen duten jangela zerbitzua. Esan du, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan dauden 84.300 ikasleetatik ia herenek erabiltzen dutela jangela zerbitzua: 33.000 ikaslek.

Histamina kutsatzea hegalaburra eta tomatea zekartzan plater batean gertatu zen. Bildarratzek azaldu du lehen intoxikazioen berri izan bezain laster identifikatu zutela zer sortatakoak ziren, eta «bi ordu baino lehen» banaketa guztia eten zutela. Oraindik ikerketaren emaitzaren zain dago Hezkuntza Saila, baina kontrolekiko konpromisoa azpimarratu du Bildarratzek.

Ahal Dugu-k egindako galdera bati erantzunez eman du horren berri Bildarratzek Eusko Legebiltzarrean. Isabel Gonzalez alderdi horretako legebiltzarkideak zehaztu du intoxikazio guztiak jateko zerbitzua enpresa batekin kontratatua duten jangeletan gertatu direla, eta ez sukalde propioa duten jangeletan. Bide batez, kritikatu du zerbitzua kanporatzen duen jangela sistema, zeinetan, haren arabera, «milaka menu» biltzen diren eta «ordu askoz» garraiatzen diren.

Bildarratzek erantzun dio jangela zerbitzua kalitate neurri zorrotzetan eskaintzen dela eta araudiaren araberako elikadura segurtasun kalitatea dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.